Taser pistola Ander jada lurrean zutela erabili zuten Santurtziko udaltzainek, biolentzia handiko esku hartzean

  • Santurtziko udaltzainen esku hartzea erakusten duen bideo berri bat eman du ezagutzera Justizia Anderrentzat plataformak. Salatu dute Ander lurrean inmobilizatuta egonda ere sei udaltzainek bortizki eraso egiten jarraitu zutela. 

Marisol Ramirez / Foku

2026ko irailaren 15ean - 14:30
Azken eguneraketa: 16:36
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Agerraldi psikotikoak edukitzen zituenero egin ohi zuen bezala, Ander S.T 30 urteko santurtziarrak Udaltzaingoaren komisariara jo zuen ekainaren 22an, laguntza eske. Ordea, lagundu ordez, bi udaltzainek zoruraren kontra atxiki zuten, udaltzain gehiago iristen ziren bitartean. Inmobilizatuta egonda ere, udaltzainek bi aldiz aplikatu zioten taser pistola, eta agenteetako bat zutik jarri zen gaztearen gainean, hankak zanpatu bitartean jauzi txikiak eginez.

Anderren atxiloketaren xehetasun horiek erakusten ditu, besteak beste, Justizia Anderrentzat plataformak astearte honetan argitaratutako bideoak, auzokide batek etxetik grabatutakoa. Plataformak asteartean eginiko agerraldian, Nagore Olalde eta Koldo Hernández kideek adierazi dute bideoak frogatu egiten duela Anderren atxiloketa "modu bortitzean" gertatu zela: "Eskuak lotuta eta erabat immobilizatuta zegoela, sei udaltzainek bortizki eraso egiten jarraitu zuten eta, gainera, deskarga elektrikoak aplikatu zizkioten taser baten bidez".

Plataformako kideek salatu dute Anderren heriotzaz geroztik "gezurra, faltsukeria eta manipulazioa" erabili dituztela Poliziaren jarduna "zuritzeko". Gainera, gogoratu dute gertakaria arratsaldeko 15:00ak aldera gertatu zela, "bero bolada betean, tenperatura 40 gradura iristen ari zela".

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek santurtziarraren heriotzaren inguruko txostena argitara atera zuen aurreko astean: haren arabera, ia bi ordu igaro ziren Santurtziko udaltzainek SOS Deiaki lekura anbulantzia bat bidaltzea eskatu ziotenetik Ander erietxean artatu zuten arte. 

Mobilizazioa urriaren 3an

Agerraldian, Olaldek eta Hernándezek adierazi dute 30 urteko gazteari gertatutakoa ez dela kasu isolatua: "Poliziak sistematikoki erabiltzen du indarkeria, eta erabateko inpunitatez jarduten du". Zenbait eskaera egin dituzte: gertakariaren inguruan dauden "erantzukizun politiko, mediatiko eta polizialak argitzea"; Ander S.T polizia indarkeriaren biktima gisa aitortzea; gisa honetako gertakaririk etorkizunean errepikatu ez dadin, "potentzialki hilgarriak diren polizia baliabide eta tekniken erabilera debekatzea"; eta, azkenik, gaztearen atxiloketan parte hartu zuten agenteak Santurtziko Udaltzaingotik kanporatzea.

Plataformarentzat, Anderrek merezi duen justizia "soilik herriaren presioaren bidez" lortuko du, eta horretarako deitu dute manifestazioa urriaren 3an, 12:00etan, Santurtziko Kabiezes plazatik abiatuta

 


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.