Gizonezkoa kalean zirenei labanarekin mehatxuka ari zen, Segurtasun Sailaren arabera, eta inguruan zituen ertzainetako bati eraso egiten saiatzean udaltzain batek hiru tiro eman dizkio. Antxeta Irratiak zabaldu duenez, hildakoak buru nahasmendu larria zuen eta kale egoeran zegoen. Hondarribiko komunitate senegaldarrak mobilizazioa deitu du astearte honetan, arratsaldeko 17:00etan, gertatutakoa salatzeko.
Udaltzain batek pertsona bat hil du tiroz astelehen arratsaldean, Hondarribiko Portua auzoan. Antxeta Irratiak jakin duenez, Babacar Welle da hildakoa, 46 urtekoa, eta buruko nahasmendu larria zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, labana batekin ostalaritzako lokal batean zeuden pertsonei mehatxu egin die, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza tokira azaldu direnean, "agenteak saiatu dira gizonak bere jarrera alda zezan, baina ez dute lortu. Behin baino gehiagotan Irungo ertzain-etxeko kide bat arma zuriz zauritzen ere saiatu da". Momentu horretan udaltzainetako batek hiru tiro jo dizkio.
Ondoren, agenteak gizonezkoa suspertzen saiatu dira, baina haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Jakinarazi dutenez, Ertzaintza ikertzen ari da gertatutakoa.
Segurtasun Sailaren oharrean azaltzen denez, biktimak aurrekariak zituen eta hamabi aldiz izan zen atxilotua. Azkena, pasa den ekainean, Bidasoa ibaian itsasontzi batean labana batekin izandako beste istilu baten ondorioz.
Antxeta Irratiak jakin duenez, gizonezkoa Irungo Zubia gizarteratze zentrora joan ohi zen, baina botika hartzeari utzi ondoren kale egoeran aurkitzen zen momentu honetan
Agentez inguratua
Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilgunean jazo da gertaera, baina Bidasoko Hitza-k azaldu duenez mugikorren bidez herritarrek zabaldutako hainbat bideotan San Pedro kalean ikus daiteke biktima, labana bat eskuetan zuela.
ARGIAri gertuko iturriek azaldu diotenez, agenteak bera "eskoltatzen" ari ziren taberna batean sartu denean, ondoren izan da tiroketa. Sareetan dabilen bideo batean ere inguruan ertzainak eta udaltzainak dituela ageri da gizonezkoa; haietako batzuk segurtasun-ezkutuekin babestuta daude, beste batzuk ez.
Buru nahasmenduarekin eta kale egoeran
Antxeta Irratiaren arabera, hildakoa duela urtebete Grupo Campezo enpresan ari zen lanean, buru nahasmendua kontrolaturik zuelako medikazioari esker. Irungo Zubia gizarteratze zentrora joan ohi zen, baina botika hartzeari utzi ondoren kale egoeran aurkitzen zen momentu honetan.
"Ez gara gai izan, gizarte bezala, pertsona horren egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoa emateko"
(Igor Enparan, Hondarribiko alkatea)
Hondarribiko alkate Igor Enparanek Euskadi Irratian egindako adierazpenetan baieztatu du hildakoa egoera zaurgarrian zegoela eta buru osasun arazoak zituela. Enparanek azaldu duenez gizarte zerbitzuak "aspaldi" ari ziren gizona artatzen, baina "ez gara gai izan, gizarte bezala, pertsona horren egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoa emateko", esan du. Era berean, Ertzaintzaren ikerketa "inpartziala" eskatu du.
Segurtasun Sailaren oharrean azaltzen denez, biktimak aurrekariak zituen eta hamabi aldiz izan zen atxilotua. Azkena, pasa den ekainean, Bidasoa ibaian itsasontzi batean labana batekin izandako beste istilu baten ondorioz.
Hondarribiko komunitate senegaldarra haserre
Heriotzaren berri jakitean, Hondarribiko Udaleko alkateordea eta udal gobernuko Abotsanitz taldeko hainbat kide bertaratu dira tokira. Hondarribiko komunitate senegaldarreko kideak ere azaldu dira eta euren haserrea adierazi dute "segurtasun indarren jarrera arrazistagatik", Noticias de Gipuzkoa-ko Unai Maciasek jaso duenez.
"Ezin zuten beste irtenbiderik aurkitu hil baino lehen? Ezin zuten [agente] gehiago deitu pertsona hori gelditzeko, bizia kendu aurretik?"
(Komunitate senegaldarreko kide bat)
"Ezin zuten beste irtenbiderik aurkitu hil baino lehen? Ezin zuten [agente] gehiago deitu pertsona hori gelditzeko, bizia kendu aurretik? Zer gertatzen da bere gurasoekin? Eta seme-alabak baditu? Anai-arrebak? Bizitza hori jada ez diete itzuliko", esan du komunitate horretako kideetako batek.
Hilotza ez dute 23:30 arte eraman eta, beti ere hedabide horretan azaldu dutenez, senideei –tartean haren anaiari– ez diete gorpua ikusten utzi. "Hiltzaileak!" oihuak entzun dira momentu horretan.
Astearte honetan arratsaldeko 17:00etan mobilizazioa deitu du senegaldar komunitateak, Hondarribiko Martxoak 8 Plazan dagoen Korreoseko eraikinetik hasita.