172. greba egun igarota Gipuzkoako erresidentzietako langileek Ordiziako eta Zumarragako udaletxeetan itxialdia egin dute asteazkenean eta Zumaia eta Errenterian asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzun faltaren aurrean. Bizi duten prekarietateari aurre egiteko asmoz, soldata duinak eta %100ko kontratuak eskatu dituzte. Ostegunean, langileek elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxeen aurrean, 11:15ean, hitzarmenean prekarietatea ezabatzea eskatzeko.
Gipuzkoako Erresidentzietako eta eguneko zentroetako grebak 172. eguna igaro du. Erantzun faltaren aurrean, aldarriak udaletxeetara eraman dituzte eta itxialdiak egin beste behin ere. Asteartean Errenterian, Jesusen Bihotza eta Sanmarkoseneko langileek eta Zumaian San Juan egoitzetakoek egin dituzte protestak eta asteazkenean Ordiziako San José egoitzako lagunek. Zumarragako Argixao erresidentzietako langileak saiatu diren arren, ez dute lortu itxialdia egitea. ELA sindikatuak ez du baztertzen baldintza duinak lortu ezean beste herri batzuetan itxialdiak burutzea.
Zumarrago udaletxetik kanporatuta
Asteazkenean goizeko hamaiketan kontzentrazioa egin dute Zumarragako udaletxe aurrean, beste herrietako lankideen babesarekin. Ondoren osoko bilkurak burutzen diren aretora sartu dira, 24 orduz itxialdia egiteko asmoz. Hala ere, hamabost minututara Udaltzaingoak handik kanporatu ditu eta langileek udaletxe kanpoan egin dute aldarrikepan.
Errenteriako eta Zumaiako zahar etxeetako langileen itxialdia
Errenteriako kasuan, 50 bat lagunek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. Zahar etxeetako langileak "Foru Aldundia: %100eko kontratuak zergatik ez?" zioen pankartarekin azaldu dira eta Jesusen Bihotza zahar etxeko egoiliarren senide eta egoiliarrekin batera. Azken hauek ondoko mezua zabaldu dute: "Jesusen Bihotza zaharren egoitza egoera larrian. Erresidentzietako zaintzak ez dira negozioa". Cristina Enrique Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko langileak azaldu duenez, “ez da langileen borroka bakarrik: borroka soziala da, zaintza duinaren aldekoa”.
Ondoren, dozenaka emakume udaletxe barnera sartu dira kamiseta morea soinean. Osoko bilkuraren aretoan igaro dute gaua.
Zumaiako San Juan Zahar etxeko langileak, berriz, herriko Oxford kultur etxeko aretoan itxi dira.
Zahar etxeetako langileen grebaren 172. eguna
Gipuzkoako zortzi zahar etxeetako langileak dira greban murgildu direnak. Azaroaren 21ean ekin zioten grebari ondorengo seiek: Donostiako La Paz, Txara II eta Villa Sacramentok; Errenteriako Jesusen Bihotzak; Zumaiako San Juanek; eta Zumarragako Argixaok. Urtarrilaren 23an Ordiziako San Jose Zahar etxea batu zen eta otsailaren amaieran Errenteriako Sanmarkosene, Berriak jaso duenez.
Langileen egoera prekarioari eta genero diskriminazioari aurre egiteko, soldata hobeen eta lanaldi osoko kontratuen beharra azpimarratu dituzte. Horrekin batera, beharrezko langile kopurua egotea, erretiro adinera gerturatzen joan ahala lan orduak murrizten joatea eta norbere eginbeharretarako atseden egunak izateko aukera izatea eskatu dute.
Langileek salatu dutenez, langile askoren soldata ez da Espainiako Estatuko lanbide arteko gutxieneko soldatak ezartzen duen gutxiengora iristen eta borondatezkoak ez diren lan kontratuak dituzte sektoreko langileen ia erdiak, 2.500 langile inguruk. Horrekin batera, zaila izaten dute egoiliarrei arreta zerbitzu egokia ematea, duten lan zamarekin ez daudelako behar beste langile kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.
Pasa den astean Foru Aldundiarekin eta patronalarekin bildu ziren egoerari irtenbidea bilatzeko. Hala ere, Foru Aldundiak uko egin zion negoziazio mahaiaren parte izateari eta patronalak ez du neurririk hartu. Batak besteari pasa dio erantzukizuna: patronalak adierazten du ezin dituela soldatak igo Foru Aldundiak diru gehiago eman ezean, eta Foru Aldundiak negoziazioa patronalaren esku dagoela dio.
Eztabaida horren erdian daude langileak, egoiliarrak eta egoiliarren familiak, baldintza hobeen esperoan. Langileek “Gipuzkoako Foru Aldundiak bere funtzio eta erantzukizunei” uko egin diela adierazi dute, berarena baita erabiltzaileak jasotzen ari diren “zaintzaren ardura”.
Ardura politikoa eskatzeko eta hitzarmenaren partzialtasuna amaitzeko, ostegunean elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxeen aurrean, 11:15ean. Maiatzaren 5an Foru Aldundiarekin bilduko dira eta 7an, berriz, patronalarekin.