Diputazioek udalekuak behartu zituzten Munduko Futbol Kopako finala jartzera, gazteek ikusi nahi bazuten

  • Ez Olinpiadetan ez bestelako ikuskizunetan aurrekaririk ez duen betebeharra iritsi zen ostegunean EAEko udalekuetara, diputazioetatik eta Whatsapp bidez. Haserre daude begirale asko, programa pedagogikoa hankaz gora jarri eta genero, hizkuntza eta pantailei lotutako helburuak zapuztu dizkietelako.

RTVE

2026ko uztailaren 22an - 00:02
Azken eguneraketa: 21:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

ARGIAk jakin duenez, bost puntuko mezua bidali zuten udalekuetara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako ikuskariek. Bertan adierazten da afalostean bi aukera eman behar zaiela haur eta gazteei: Munduko Futbol Kopako partidua ikustea (mezua ostegunean izanik, igandeko finala baino ez zen geratzen ikusteko) edo gaubelan parte hartzea. “Gaubela aukeratu dutenek lehenago amaituz gero ohera joan daitezke edo partiduaren amaiera ikusi”, dio mezuak. Are gehiago, aterpetxeetako ordutegia errespetatu gabe “salbuespen bezala, ordutegia 23:30 arte luzatuko da”. Diputazioena ez zen gomendioa, bete beharreko agindua baizik.

Izena argitaratzea nahi ez duen begirale batek ARGIAri kontatu dionez, inongo argudiaketarik gabe jasotako mezuak harridura eta ezinegona sortu zuen begirale taldean: aldundiak berak onartutako eta bete beharreko programa pedagogiko eta hezitzailea hautsi eta bi aukeratan banatzea zekarren aginduak; euskara %100 bermatzen duten udalekuetan, gazteak kate espainola ikus-entzuten jarri behar zituen; “gizonen futbol profesionala eta bertan sortzen diren dinamikak ere ez datoz bat gure balore eta helburuekin, eraso handia da genero berdintasunari, diputazioak berak jarritako helburuen kontra”; eta “pantailarik gabe bizikidetza eta aisialdia posible dela erakutsi nahi duten” udalekuekin ere talka egiten du aginduak. “Dena hankaz gora jarri zuen mezuak, eta larria eta sakona da, gauza asko ukitzen ditu”.

Nabarmentzekoa da beste urte batzuetan hainbat gazte eta gurasok eskatu izan dutela  ikuskizun entzutetsuak jarraitzen uztea gazteei, esaterako Joko Olinpikoak edo Sanferminetako entzierroak, “baina erantzuna beti izan da ezezkoa”.

Euskara %100 bermatzen duten udalekuetan, gazteak kate espainola ikus-entzuten jarri behar zituzten; "gizonen futbol profesionala eta bertan sortzen diren dinamikak ere ez datoz bat gure balore eta helburuekin"

Begiraleen protestek eragindako presioa medio, egun bat geroago mezu berri bat helarazi zieten diputazioetatik, oraingoan emailez, modu ofizialean. Bertan, aurreko eguneko irizpideak urardotu zituzten: “Haurrek edo nerabeek partida ikusteko eskaera egiten duten kasuetan, eta instalazioaren baldintzek ahalbidetzen badute, afaria amaitu eta gaubela hasi arteko aisialdi-tartean ikusi ahal izango dute. Partidaren lehen zatia ikusteko aukera izango dute, eta ondoren ezarritako hezkuntza-programazioarekin jarraituko da (…) Hala ere, gerta daiteke zuetako batzuek, dagoeneko atzoko irizpideen arabera, talde-lana antolatua izatea eta haur eta nerabeekin partida osoa ikusiko dela adostuta edukitzea. Horrela bada, eta irizpide berri hauek aplikatzea gatazkatsua izan daitekeela iruditzen bazaizue, atzoko irizpideekin jarraitu ahal izango duzue”.

Irakurleak baloratu dezala eta irudika dezala nola geratu ziren begiraleak, aldundien mezuak zekarren paragrafo honekin: “Denbora-tarte horretan partida ikusteko aukera haur eta nerabeekin ikuspegi parte-hartzaile eta hezitzaile batetik landuko da, erabaki horren esanahiaren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatuz eta udalekuetako bizikidetza-, erantzukidetasun- eta aisialdi hezitzailearen helburuekin nola uztartzen den aztertuz”.

ARGIAk elkarrizketatu duen begiralearen udalekuetan, agindua bete zuten eta batzuek futbola ikustea aukeratu zuten. “Udalekuen lehenengo egunean esandako hitzak jan behar izan genituen, adierazia baikenien ez genuela partidarik ikusiko, horrek gure erabakiei ematen dien autoritatean eta zilegitasunean duen eraginarekin”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Munduko Futbol Kopa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...