argia.eus
INPRIMATU
Udalek Zubietako erraustegiaren zorra "derrigorrez eta lehentasunez" ordaindu beharko dute 35 urtean
  • Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak uztailaren 28an abiatuko duen esleipenetik sortutako zorra udalek nola ordainduko duten auditatu du Deloittek txosten batean. Erraustegia finantzatzeko "salbaguardia" nahikoa badagoela ondorioztatu du.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 14a

Gutxi barru egingo du Gipuzkoako Hondakinden Kontsortzioak (GHK) Zubietako erraustegiaren esleipen-pliegoak onartzeko batzar erabakigarria. Operazioa burutzeko hainbat txosten prestatu ditu sozietate amankomunatuak, eta tartean Deloitte auditatze enpresari txostena (pdf) eskatu dio erraustegia eraiki eta datozen 35 urteetan bere ustiapena ordaintzeko kreditu nahikoa izango ote duen jakiteko.

Txosten horretan banan-banan zehazten dira kontsortzio barruan dauden mankomunitateetako udalak zertara derrigorturik aurkituko diren hilaren 28an sinatuko dutenaren ondorioz sortutako zorra ordaintzeko.

Udalek ezin izango dizkiote beren hondakinak GHK ez beste inori eman eta honek ezarritako tarifak –zein nahi direla ere– "derrigorrez eta lehentasunez" ordaindu beharko dituzte. Udal batek kontsortzioak inposaturiko kuota ordainduko ez balu, Gipuzkoako Foru Aldundiak udal horrekin dituen beste kontzeptu batzuetatik likidatuko dio diru-kopurua. Bestalde, inor kontsortziotik aterako balitz, derrigortuta legoke zorra berdin-berdin ordaintzera amaiera arte, eta banaketa horrek sorturiko "gainkostuak" ere ordaindu beharko lituzke.

Deloittek 35 urteko "denbora hipotesia" erabili du bere azterketa egiteko, 2016ko urritik hasi eta 2051ko urrira arte. Tarte horretan proiektu osoak –erraustegiaren esleipena, eraikuntza eta ustiaketa– 1.568 milioi euroko kostua izango luke, eta udalek kopuru horren 1.407 milioi euro jarri beharko lituzkete, kuotak ordaintzeko ezarritako baldintza zorrotzen bidez.

Auditatze enpresaren ustez, modu horretan, "urtero sortuko den finantzazio publiko beharrari aurre egiteko kreditu nahikoa" egongo da, horretarako "salbaguardiak" ezarri direlako.