Udaletako aktak euskaraz egitea legezkoa da. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak Herri Aginteen arteko Koordinazioarako Batzordean (HAKOBA).
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok hainbat udalen aurka jarritako helegiteen ondoren etorri da asteartean egin den HAKOBAren bilera.
Euskarazko aktak babesten dituen txostena
Baztarrikak babesa agertu die Espainiako Gobernu Ordezkaritzara aktak euskara hutsez bidali dituzten udalei. Gainera, txosten juridikoa eraman du bilera horretara eta dokumentu horrek adierazten du udaletako aktak euskaraz egitea legezkoa dela.
Dena den, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere webgunean argitaratu duenez, Jaurlaritzak ez du “konpromisorik hartu” Urquijok jarritako helegiteen auzietan pertsonatzeko.
Jaurlaritzari babes handiagoa eskatu dio UEMAk
Jarrera horrekin desados dago UEMA: “Euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen ari direnean, euskararen normalizazioaren eskumen nagusia duen erakundea, Eusko Jaurlaritza, da horren defentsa bururaino eramatea dagokiona”.
Abenduaren 18an aurkeztuko duen udal legean, hizkuntzari dagokion atalean, aktak euskaraz bidal daitezkeela espresuki jasotzea proposatu du EAEko Gobernuak.
UEMA bat dator horrekin, baina uste du Espainiako gobernuaren “erasoaldia” akten auzitik harago doala. Horregatik, Jaurlaritzari eta gainerako administrazioei ekimen legegile bat abiatzeko proposatu die, “euskararen normalizazioan dagozkigun urratsak legalki eman ahal izateko”.