Udaberriko Festa egingo dute 16an Amillubin, lurra eta kultura ardatz

  • Amillubi proiektu kolektiboak, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzea helburu duen Biolur elkarteak abiatutakoa Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan, Udaberriko Festa ospatuko du maiatzaren 16an, egun osoko egitarauarekin.

2024an abiatu zen Amillubi proiektua, Lurra Taupaka festarekin. Estitxu Eizagirre / ARGIA CC BY-SA

2026ko maiatzaren 7an - 09:43
Azken eguneraketa: 10:44
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Maiatzaren 16an Amillubi baserria eta bere inguruko lurrak biziberrituko ditugu", adierazi dute proiektuko kideek. "Egun osoko egitarau oparo eta anitza prestatu dugu, goizetik iluntzera arte hausnarketa, elikadura eta kultura uztartuz".

Goizeko 9:30ak bueltan bi mahai-inguru izango dira, Lurra oinarri, Utopien bidean lelopean. Ostean bazkari agroekologikoa egingo dute, eta arratsaldean kultur emanaldiak: Pobresiak poesia musikatuko saioa, bertso sesio musikatua Eli eta Manex Pagolaren eskutik, Berba Labanakaz eta Babarrunba musika taldeak eta, amaitzeko, DJ-ak. Egun osoan zehar umeentzako txokoa izango da: goizean zaintza zerbitzuarekin, eta arratsaldean Hazietxezirkus-eko kideen eskutik zirku tailerrarekin.

Bazkarirako txartelak 10 eurotan jarri dituzte salgai –haurrentzat 7 eurotan–, eta arratsaldeko emanaldietarako sarrerak ere 10 eurotan eskura daitezke –haurrentzat doakoak izango dira–.

Bi urteko bidea

"Amillubin komunitatea, lurra eta kultura uztartuko dituen topagunea sortzen jarraitu nahi dugu", azaldu dute sustatzaileek. Duela bi urte jarri zuten proiektua martxan. "Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko", zioen Estitxu Eizagirrek, 2024ko maiatzaren 11n egindako festaren inguruan ARGIAn plazaratutako kronikan. "Herritarrek proiektua bertan arnastu dute eta elkarrekin ospatu dute elikadura burujabetzaren eta lurra babestearen aldeko ekimena abian dela".


Agroekologia kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
UEUren jardunaldia ekainaren 19an
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.