Txurdinagako institutua ixteko erabakia auzitara eraman dute familiek, ikasleen oinarrizko eskubideak urratu ditzakeela iritzita

  • Bilboko Txurdinaga Behekoa institutua ixteko erabakiaren aurrean epaitegietara jo du ikastetxeko guraso elkarteak. Hezkuntza Sailaren jardunaren "ziurgabetasunak" eta "isiltasunak" ikasleen eskubideak urratu ote dituen argitzea nahi dute.


2026ko uztailaren 7an - 10:20
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Bereziki ulertezina da, Txurdinaga Behekoa ez delako gainbeheran dagoen ikastetxea, baizik eta bere hezkuntza-proiektuaren kalitateagatik, Batxilergo Artistikoagatik, Arte Eszenikoetan espezializatzeagatik eta aniztasuna sendotasun bihurtzen jakin duen eredu pedagogikoagatik aitortza handia duen institutua", diote familiek.

A eta D ereduak barne hartzen dituen institutua da Txurdinagakoa: Zientziak A ereduan eskaintzen ditu, baita Batxilergo Musikala eta Eszenikoa ere. Arte Batxilergoa berriz, A eta D ereduetan eskaintzen ditu, eta Giza zientziak eta Gizarte zientziak D ereduan.

Ikastetxeak egiten duen “lan integratzailea” azpimarratu nahi izan dute gurasoek, beren hitzetan premia bereziko ikasleak hartzen dituelako, beste zentro batzuetan esperientzia zailak izan dituzten ikasleak espazio segurua aurkitu dutelako bertan, eta jatorri, errealitate eta hizkuntza ezberdinetako ikasleak hartzen dituelako. “Funtzio sozial hori” aintzat hartzen den bitartean, ixteko erabakia hartzea “ulertzen zaila” zaio guraso elkarteari.

Eusko Jaurlaritzak argudiatu du Batxilergoa Bilboko beste zentro batzuetara aldatzeko aukera dagoela, Bertendona edota Ibarrekolandara kasu. “Baina Ibarrekolanda dagoeneko gainezka dago”, gogoratu dute familiek.

“Auzo hauetan eskaintza publikoa murrizteak dakar eskola publikoa ahultzea eta aukera berdintasuna arriskuan jartzea”, gaineratu dute, eta bereziki Bilboko laugarren distrituan Batxilergo eta Lanbide Heziketa publikoa murriztea dakarrela ohartarazi dute.

Elkarrizketa eske

Gurasoek salatu dute hilabeteak eman dituztela bilerak eskatzen eta erantzunak lortu asmoz, baina Hezkuntza Sailak ez duela “informazio, gardentasun eta bermerik” eskaini institutuaren etorkizunaren inguruan. “Isiltasun” horren aurrean, auzitara jotzea erabaki dute, ikasleen oinarrizko eskubideak urratzen ote diren argitzeko. Elkarrizketa eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Halaber, salatu dute Eusko Jaurlaritzak institutua progresiboki itxiko zela iragarri zuela justu ikasleak ikasturtea amaitzeko azterketa garrantzitsuei aurre egin behar zietenean, eta horrek “ziurgabetasuna” eta “presio gehigarria” eragin zituela.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...