argia.eus
INPRIMATU
Txomin Ziluaga ezker abertzaleko kide historikoa hil da
  • Txomin Ziluaga ezker abertzaleko kide historikoa gaur goizean hil da. Santi Brouardekin batera HASIko (Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea) buruzagia izan zen trantsizioan eta Herri Batasunaren sorkuntzan parte hartu zuen, baita hainbat urtez Mahai Nazionaleko kide izan ere. UNEDeko irakaslea zen, Zientzia Politikoen alorrean.

2012ko urriaren 24a
Txomin Ziluaga (argazkia: Deia).

1939an Erandion sortua, Euskal Herriko azken lau hamarkadetako historiako kapitulu gehienetan hartu du parte Ziluagak, modu batera edo bestera. 1969an Zamorako kartzelan espetxeratu zuten eta zazpi urte eta erdi pasa zituen han, 1976an amnistia aplikatu eta kalera irten zen arte. Deia egunkariari duela urtebete eskaini zion elkarrizketa batean azaldu zuenez, "matxinada militarra" leporatuta sartu zuten kartzelan. "Sinesten al duzu, oraindik ez dakidala zer esan nahi duen akusazio horrek?" esan zion kazetariari.

Kartzelatik aterata, eraikuntzan lanean aritu zen, militantzia politikoa alboratu gabe. 1978an HASIko idazkari nagusi aukeratu zuten eta alderdi horretako kide esanguratsuena izan zen, Santi Brouardekin batera. 1987an ordea, KASekiko desadostasunak tarteko, HASI utzi zuen beste hainbat militanterekin batera, Herri Batasuneko kide izaten jarraitu bazuen ere.

1990eko eta 2000ko hamarkadetan politikaren lehen lerrotik urrunago ibili zen, UNEDeko Zientzia Politikoen sailean lanean eta prentsan artikuluak idazten, batez ere Gara egunkarian. 2010ean bere alaba, Haizea Ziluaga abokatua atxilotu zuen Espainiako poliziak.

Txomin Ziluagak bi egun zeramatzan ospitalean lurrera erori ondoren eta gaur goizean jakin da hil egin dela.

Informazio gehiago:

Irakurri Iñaki Zubiondok 1987an Ziluagari ARGIAn egin zion elkarrizketa: "Urteotan euskal iraultzari begira aportazio argiak egin ditugu" (1987-07-19)