Halabeharrak nahi izan du ia batera suertatzea Txinako arduradun gorenak izandako bi ospetsuren gorazarrea. Desberdina baina, ezinbestez, elkarri itsatsia. Duela lau urte zendutako Jiang Zemin jaio zenetik ehun urte betetzen direla eta aurreikusita (eta landuta) zegon dokumental-, idazlan- eta bilkura-segidaren erdian hil da, 97 urterekin, haren bigarrena izan zen Zhu Rongji.
Zinez, motz geratzea litzateke esatea Jiang, Alderdiko idazkari orokor/Txinako presidentearen eskuin eskua izan zela Zhu gobernuburu/lehen ministroa. Esku berberaren gaina eta azpia izan ziren ingeniari biak, 80ko hamarkadan Shanghain elkartu zirenetik. Baita aginte gorenean ere, 90ko hamarkadan. Dibertigarria da nola Mendebaldeko erreferentziazko hedabideetan eztitu nahi izan den Zhu Rongji "liberalaren" memoria, oraingo agintarien "zurruntasunarekin" alderatuz... eta haren alter ego izan zen Jiang Zemin zeharo ahaztuz. Ez dute hala gogoratu Beijingeko agintariek.
Ez zaio Mendebaldean horrenbesteko kasurik egin Beijingen lehentasunezkoa izan den Jiangen gorazarreari. Xik hari egindako laudorioan hauteman nahi izan da 1989ko Tiananmen plazako erreboltaren errepresioaren gorespen bat, gogoan izan gabe Jiangek ez zuela zerikusi zuzenik izan hartan eta, gehienera, bere manupeko Shanghain halakorik gabe moldatu izana zela, haren biharamunean, bere kapital politiko nagusia Beijingen aginte gorena eskuratzeko. Zhurekin batera. Maila bat edo bi beheago, orduan ezezaguna zen Xi Jinping delakoari gertatu bezala.
Pasadizo hauek, haatik, merezi lukete kategoriara, edo antzeko mailaren batera, goratzea. Egungo Txinan horrelako gorazarre-ekitaldiak (agintari ohi zenduak protagonista direla) mezu politikoaren osagai gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari direlako. Ikusi egin beharko da Xi-aldia baino iraunkorragoak izaten diren; baina, XX. Kongresuaz geroztik bederen, gero eta maizago antolatzen diren erritoak ditugu.
Hil berri diren agintari ohien sendiari egun agintean direnek doluminak eskaintzeko erritoa ez da berria inondik ere, baina hedabide ofizialetan plazaratzen da sarri orain (Zhu Rongji beraren edo Li Keqiang-en kasuetan, demagun, oraintsu). Bai dela berria, ordea, bereziki borobila izan behar ez duen urtebetetzeren bat edo baliatuz, agintarien bilkura erraldoi erritualizatuak egitea iraganeko figura politiko baten gorazarrerako. Orain Jiang Zeminen ohorez egin denaren antzera, duela urtebete pasa Chen Yun-en jaiotzaren 120. urteurreneko sinposioan egin baitzen, adibidez.
Iraganaren bertsio kanonikoa sagaratu eta Alderdiaren batasuna trinkotzeko mekanismoa dela deritzote batzuek. Litekeena da. Baina hala bada, etorkizunera gehiago begiratzen du iraganera baino. Eta ez genuke ahaztu behar Deng Xiopingek ezarri zuen modus operandi organikoan Xik zertu duen aldaketa handienetakoa "lider ohi" bizidunen paperarena dela. Oraingoei laguntzea dagokie, besterik ez. Zendu eta gero, aitortuko zaizkie ekarpenak.