argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 4a
ANALISIA
Txina: kualitatiboa da Alderdiaren kezka, kuantitatiboa baino gehiago
  • Urriaren 26tik 29ra bildu da Pekinen duela lau urteko 20. Kongresuan hautatu zuten Komite Zentralaren 5. osoko bilkura. Ohiko hermetismoarekin: ez da isilpekoa –komite-kide titular zein ordezkoez gain, hitzik ez boto-eskubiderik gabeko gonbidatu kualifikatu mordoa ere izaten da entzule bertan–; baina apenas aurkituko den bilkuraren barne-bilakaeraren filtraziorik.

Urriaren 26tik 29ra egin dute Komite Zentralaren 5. osoko bilkura. Xinhua

Amaitzean kaleratzen da komunikatu ofizial luze-luzea: 5.000 hizki baino gehiagokoa, oraingoan. Eta ondorengo egun/asteetan Alderdiaren propaganda-aparatutik jaulkitzen diren hari buruzko iruzkin- eta hauspo-lanak. Atzerrirako ere.

Komite Zentralaren bilkura-egutegian aspalditik kodetuta dagoen moduan, “alderdia bera” zen 5. osoko bilkura horren ardatz-gaia. Bertaratuek, ohiko ahobatezkotasunez, onetsi zuten ustelkeriaren aurkako borrokan azpimarra jartzen zuen Bulego Politikoaren jardunaren txostena. Eta datorren urteko “bigarren erdirako” –hau da, okerrik ezean, urrirako– iragarri zuen hurrengo kongresua.

Ohikotasunetik urrun samarreko bilkura izan da, ordea, aurtengoa. Amaierako komunikatu ofizialaren bigarren paragrafoan bertan nabari da hori: Komite Zentraleko 162 kidek eta 117 ordezko kidek hartu zuten parte osoko bilkuran. Kontu eginik 2022ko urrian hautatuak 205 kide oso eta 171 ordezko izan zirela, bistakoa da hasiera bateko kideen laurdena baino gehiago kanporatua izan dela lau urteren buruan. Gaixotasuna edo, litekeena, heriotza izan daiteke bakarren baten zergatia; baina gehien-gehienak ez dira jada komite-kide kanporatuak izan direlako. Goi-arduretatik ez ezik Alderditik ere.

Horren nabarmena den datu kuantitatibo hori ezkutatu edo lausotu ordez agerian jarri eta, hein batean, azpimarratzeko jarrerak berak pentsarazten du, haatik, Xi eta haren inguruko aginte-taldearen egungo kezka ez dela usu “ustelkeria” deitu ohi denaren hedadura. Baizik haren sakontasuna. Haren erroak eta berragertzeko duen ahalmena. Gero eta maizago ozen aipatzen duten Alderdiaren “epe luzeko iraunkortasuna” arriskuan jarriko lukeena. Txinan, historiak hamaika aldiz erakutsi duena, bestalde.

Analisi kualitatibo serioak egiteko, ordea, “purgaren” atal militarraren ezagutza zehatzagoa behar litzateke. Zenbatekoz handiena izanik (une honetan, ia kide militarrik gabe dago Komite Zentrala), kualitatiboki ere aurrekaririk gabea delako (Batzorde Militar Nagusia, de facto, erauzita dago; eta komisario politikoen piramidea detxematu du bereziki “purgak”). Baina ez da espero behar argitasun gehiagorik, arrunki ustelkeriazkoak diren jarduketez gain (eroskeria, e.a.) baliabide militar garrantzitsuen inguruko oker larriak daudelako tartean, antza denez.

Horrek guztiak argituko luke 5. osoko bilkura horren benetako ekarpen politiko eta ideologikoa den Alderdiaren Autogobernantza Zorrotzari buruzko Erabakia. Patxadaz irakurri eta pazientziaz deskodetu beharrekoa: 17.000 hizki txineraz.