argia.eus
INPRIMATU
Turull, Rull, Romeva, Bassa eta Forcadell espetxera bidali ditu Llarena epaileak
  • Jordi Turull, Josep Rull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadell baldintzarik gabe espetxeratzea agindu du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Goizean, hauei eta beste zortzi buruzagi independentistari matxinada, desobedientzia eta diru xahutze delituak leporatu dizkie.

     

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 23a
Jordi Turull lehendakarigaia espetxera bidali du Llarena epaileak. (Arg.: Vilaweb)

Llarena epaileak espetxeratze agindua eman du auziperatuek leporatzen zaizkien delituak errepikatu ditzaketelako eta ihes egiteko arriskua dagoelako. Defentsa abokatuek erantzun diote ez nahasteko hauen kasua erbesteko bidea hartu duen ERCko Marta Rovirarenarekin, beren defendatuak aurkeztu egin direlako hala eskatu zaienean. Ez da nahikoa izan epailearentzat eta  Alcala-Meco-ko espetxera eraman dituzte. Gaur gartzelaratutakoak lehenago ere espetxean izan ziren auzi hau dela eta.

Nació Digitalen esanetan, auzipetuek esan diote epaileari haiek ez diotela egiten uko beren helburu politikoei, beren ideia politikoengatik ari direla kriminalizatzen eta Kataluniako gatazkaren irtenbidea negoziazio politikoa dela. Turullek gogorarazi dio epaileari hori dela atzo Legebiltzarrean proposatu zuena, Estatuarekin negoziatzea.

Llarena epaileak, halaber, nazioarteko atxiloketa agindua eman du erbestean diren gainerako auzipetuentzat: Carles Puigdemont, Marta Rovira, Anna Gabriel, Toni Comín, Clara Ponsatí, Lluís Puig eta Meritxell Serret.

Inbestidura saioa mantentzen da

Espetxeratze honekin Turull ezingo da egon larunbat goizerako aurreikusita dagoen osoko bilkuran. Ostegun arratsaldean egin zen bere lehendakari inbestiduraren bozketa, baina JxSí eta ERCren aldeko 64 boto bakarrik lortu zituen, 68 behar zituenean. CUPeko lau diputatuak abstenitu egin ziren. Ondorioz, larunbatean egingo da inbestidura saioaren bigarren txanda, baina egitekotan ere, Turull gabe egin beharko da.

Turullen abokatuak kazetariei jakinarazi dienez, lehendakari hautagaiak mezu bat helarazi nahi die diputatu guztiei: duintasunagatik, larunbatean bozka dezatela bere alde. Bozkatuko balute eta aterako balitz ere, kargugabetu egingo lukete berehala, Espainiako legeek aukera hori ahalbidetzen duelako auzipetuta eta espetxean dauden agintarientzat.

Mobilizazioak deitu dira Katalunia osoan

CDRek eta beste erakunde askok mobilizazioak deitu dituzte espetxeratze berri hauen aurrean. 19:30etan, esaterako, manifestariek Diagonal kalea moztu dute, El Nacional.cat-eko argazkian ikus daitekeen moduan.

,

Espainiak Bartzelonan duen Gobernu ordezkaritzan, esaterako, bost zauritu izan dira manifestarien artean, mossoek egindako kargaren ondoren. Alerta sare sozialetako kanalak jakinarazi duenez, Lleidako tren geltokian ere kargatu egin dute mossoek, manifestariek geltokiaren okupazioa amaitu ondoren.

Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean kargatu dute mossoek Bartzelonan.