Turismoaz beldurrik gabe hitz egitea proposatzen duen liburua aurkeztu du Asier Basurtok, ARGIAren eskutik

  • "Arazo handi bat daukagu eta denon artean konpondu beharko dugu", baieztatu du Asier Basurto soziologoak ostegun honetan Donostian, Turismoa. Desazkundera bidaia (ARGIA, 2026) liburuaren aurkezpenean. Turismoaren kontrako "kexa-zerrenda" bat baino, haren inguruan hausnartu eta alternatibak bilatzea bultzatzeko lana da. ARGIAren Azokan eta liburu-dendetan salgai dago jadanik.  

Asier Basurto liburuaren egilea (ezkerrean) eta Gorka Peñagarikano ARGIAko kazetaria (eskuinean), Donostiako aurkezpen ekitaldian. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2026ko apirilaren 17an - 00:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Desazkunde turistikoa defendatzen duen Asier Basurto soziologoaren Turismoa. Desazkundera bidaia liburua kalean da, eta asteazken honetan aurkeztu du ARGIAk, Bizilagunekin plataformarekin elkarlanean antolatutako ekitaldian, Donostiako San Jeronimo kaleko Kriptan. Aretoa goraino bete da, gaiak sortzen duen interesaren eta liburuak eragindako ikusminaren erakusle.

Liburuaren editore eta hitzaurrearen egile Gorka Peñagarikano ARGIAko kazetariak aurkezpenean azaldu duenez, Basurtori enkargua egin zioten turismoari buruzko "analisi konpleto" bat idatzi zezan: "Behar genuen, uste dut, oinarrizko liburu bat turismo eredu inbasore hau aztertuko zuena, eta batez ere, alternatibak eskainiko zizkiguna", esan du Peñagarikanok.

Basurto Bizilagunekin plataformako kidea da, Donostiako turistifikazioaren aurka eta beste hiri-eredu baten alde lanean diharduen elkartea. Bere esanetan, batzuetan "lelo motz batzuekin edo ideia sinpleekin bentilatu nahi izaten dira eztabaida sakonak". Aitzitik, liburua "gonbidapen" bat dela dio, bai nabardurak azaleratzeko, baita "beldurra ematen diguten gai batzuei buruz" hitz egiteko ere.

"Bidaiatze bulimiko batean bizi gara, digeritzen duguna baino gehiago bidaiatzen dugu" Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Aste Santuko jai egunak iragan berri ditugun honetan, aktualitatean dauden hainbat konturen inguruan galdetu dio kazetariak aurkezpenean: turista kopuruen aurreikuspenak bete direla dioten agintarien diskurtso baikorrez; EAEko aireportuen eta hegaldien artean sortu den lehiaz eta saltsaz; Turkian gertaturiko beherakada ikusita, turismo monolaborantzak eragiten dituen arriskuez... 

Desazkunde turistikoa defendatu beharra dago, baina modu "adostu eta planfikatu" batean: "Bestela katastrofe bidez gertatuko da, baina gertatuko da, eta orduan askoz sufrimendu handiagoa eragingo du"

Basurtok, liburuan plazaratzen dituen hainbat gaietan murgiltzeko baliatu ditu galdera zehatz horiek. Hala, bere esanetan, desazkunde turistikoa defendatu beharra dago, "baina modu adostu eta planfikatu batean" egiten bada: "Bestela katastrofe bidez gertatuko da, baina gertatuko da, eta orduan askoz sufrimendu handiagoa eragingo du".

Egilearen hitzak zuzenean iritsi dira Kriptako gangan barrena entzuleen belarrietarano. Hausnarketa horiek guztiak jasotzen dituen artikulu sakonagoa irakurgai izango duzu datorren astean webgune honetan.

Hitzaldi gehiago eta liburua salgai ARGIAren Azokan

Hurrengo aste eta hilabeteetan Euskal Herriko hainbat txokotan hitzaldiak eskainiko ditu Asier Basurtok. Liburua, berriz, eskuragai dago jadanik ARGIAren Azokan eta liburu dendetan, 16 euroan.

Liburua turismoaren inguruko eztabaida sakonak sustatzeko asmoz argitaratu du Basurtok, ARGIAren eskutik Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.