Turismo masiboari mugak Erroman: Fontana di Trevi ikusteko ordaindu egin behar da

  • Treviko plazan dagoen iturri publikoak egunero, batez beste, dituen 30.000 turistek astelehenetik bi euroko sarrera ordaindu behar dute; bertakoek sarrera dohainik izango dute, NANa erakutsita. Neurriak eztabaida sortu du: turismo masiboa geldiarazteko modu gisa saldu du udalak, baina espazio publikoaren pribatizazioaren beste adibide bat dela salatu du zenbaitek.


2026ko otsailaren 6an - 10:28
Fontana di Trevi, turistaz betea. ArcheoRoma
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Erroman zaudenean, erromatarren gisan portatu”, esan omen zuen Hiponako Agustinek behinola. Eta, nolabait, esan hori indarrean jarri nahi duen neurria ezarri du Erromako Udalak, horrela ulertu nahi bada. Astelehenetik aurrera hiriaren altxor artistiko eta historiko handienetako batek, Fontana di Trevik, prezioa izango du, turistentzat bederen. Bi euroko bidesaria ordaindu beharko dute, iturriaren parean dauden sarbide postuetan edo Internet bidez erosiko dituzten sarreretan; bertakoek, aldiz, sarrera debalde izango dute. Neurriarekin hiriko erdiguneko iturri publikoak jasaten duen masifikazio turistikoa mugatu nahi du zentro-ezkerreko udalak. Udalak aurreikusi du bi euroko sarrerarekin 6,5 milioi euro jasoko dituela, eta adierazi du inguruko bizilagunen bizitza erraztuko duela. Kritikarik ere entzun da, ordea, munduko beste zenbait hiri turistikotan gertatu gisan, espazio publikoaren pribatizazioaren enegarren adibidea baita.

Betiereko hiriaren bihotzean, Koliseotik eta Panteoitik hurbil, dago Fontana di Trevi, hiriko bigarren monumenturik bisitatuena. Mundu osotik heldutako dozenaka mila turisten bateragune izaten da XVIII. mendean eraikitako iturri publikoa, monumentu historikoen hirian beste bat gehiago. Baina iturriak badu bere zera: kondairak dio iturriari bizkarra eman eta txanpon bat bertara jaurtiz gero, hirira buelta ziurtatua duela bisitariak. Horrela, klitxe eta badaezpadako keinuz bete da Treviko plaza aspaldiko urteetan, eta datuek erakusten dute hori. Batez beste, 30.000 turista batzen dira egunero bertan, zenbait sasoitan 70.000ra ere heldu da kopurua, eta iturrira botatako txaponek egunero 4.000 euro inguru batzen dituzte: 1,5 milioi urtean, Caritas Elizako elkarteari ematen zaizkionak dohaintzan, bere gizarte ekintzan inbertitu ditzan.

Hain zuzen ere, han jasotzen diren milaka euroak “bidesari nahikoa” direla aldarrikatu du zenbait turistak. Selfie garesti samarra dela, bere horretan, Trevik eskatzen diena. “Ondare kulturala babesteko” neurri gisa defendatu dute neurriaren aldekoek, gehiegizko turismoa hura “suntsitzen” ari dela iritzita: horixe azaldu dio Maddalenak La Repubblica egunkariari. Jaka urdindunetako bat da Maddalena, iturri sarrerako postuan turistei sarrera kobratzen dagoen langileetako bat. Unibertsitate ikasleak baliatu ditu lan horretarako udalak.

Ordutegi murriztua izango du, edonola ere, Trevira sartzeko bidesariak: aste barruan 9:00-22:00 ordutegia izango du, astelehen eta ostiraletako salbuespenarekin, egun horietan 11:30ean hasiko baita itxitura. Beraz, neurria ez da uneoro eta egunero egongo indarrean. Horixe izan da zalantzak piztu dituen puntuetako bat, eguneko ordu dezentetan itxita egongo bada ere, sarbidea egon baitago. Neurria “kosmetikoa” dela salatu duenik ere badago, aglomeraziorik ez duela murriztuko, eta bai, ordea, espazio publikoa.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.