argia.eus
INPRIMATU
Tunisiako arrantzale talde batek C-Star itsasontzi faxista blokeatzea lortu du
  • Errefuxiatuak laguntzeko GKEek itsasoan dituzten barkuak oztopatzea da C-Star itsasontzi faxistaren helburua beraiek adierazi izan dutenez. Protesta eta oztopoak jartzen ari dira hainbat ekintzaile Mediterraneo osoan zehar. Tunisiako arrantzale talde batek portura sartzea galarazi die abuztuaren 7an nazioarteko hedabideen arreta bereganatuz.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 10

Tunisiako Zarzis portuko arrantzaleek urteak daramatzate itsasoan ondoratzen ari diren iheslarien barkuak erreskatatzen laguntzen. C-Star barku faxistak lan hori oztopatzeko helburua duenez, beren portuan ez direla sartuko erabaki dute.

“Arrazistarik ez” eta “C-Star? Gasoilik ez, urik ez, janaririk ez” leloak dituzten pankarta eta afixekin egin dute mobilizazioa UGTT sindikatuari lotutako hainbat arrantzalek, eta lortu dute barku faxista portura ez sartzea.

Generation Identity talde faxistak abiatu zuen uztailean itsasontzia “Defend Europe” lelopean, “legez kanpoko inmigrazioa” ekiditeko. Mezu arrazista eta xenofoboz jositako kanpainak ordea, hainbat portutan ekintzaileen aurkakotasuna topatu du. Tele Sur-eko erreportaje honetan hainbat gora behera azaltzen dira:

 

Frantzian sortu arren batez ere Alemanian antolatzen da Generation Identity taldea. Alt-right edo eskuin alternatiboaren etiketa erabili arren, nazismoaren ideiak lantzen dituen kolektiboa da: zurien gailentasuna, “Europaren defentsa” eta migrazioaren kontrako kanpainak dira beraien ikur. Komunikazio estrategia landuak eta diskurtso eta estetika berritzaileek faxismoaren gorakada ekarri dute Europan, eta mugimendu hau beste ikur bat baino ez da.