Tubos Reunidoseko lan erregulazioa bertan behera utziko du konkurtso administratzaileak

  • Aurreikusita zeuden 242 kaleratzeak ez dira egingo eta enpresa osorik saltzeko asmoa azaldu die langileen ordezkariei eta zuzendaritzari epaileak izendatutako administratzaileak. "Hau, egindako borrokaren lorpena da", adierazi du enpresa batzordeak.

Tbuso Reunidoseko langileak errepide mozketa batean. Hilabeteak egin dituzte borrokan. LAB

2026ko ekainaren 2an - 09:46
Azken eguneraketa: 11:29
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Egun garrantzitsua zuten astelehenekoa Tubos Reunidoseko langileek, eta hala izan da, epaileak izendatutako PKF Attest aholkularitza enpresako Iker Filloy konkurtso administratzailearekin egindako bileratik itxaropenez atera baitira.

Honek azaldu dienez, ez du ezarriko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE), eta hortaz, Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantokietan urte eta erdian aurreikusita zeuden berrehundik gora kaleratzeak –zuzendaritzaren arabera borondatezkoak, baina sindikatuen esanetan mehatxuen ondorioz aurkeztuak– ez dira egingo oraingoz. 

Enpresa batzordeak pozik hartu ditu konkurtso administratzailearen hitzak, eta Tubos Reunidoseko zuzendaritzak zuen "plana" indargabetzen duela esan du, bai kaleratzeak, baita enpresaren itxiera ere

Gainera, administratzaileak esan die ez duela enpresa "zatikatzeko" asmorik, erakargarriagoa delako osorik saltzea, Amurrioko altzairutegia barne. Hala ere, oraingoz inbertitzaile interesdunak baino ez ditu, eta ez du erosteko eskaintza irmorik jaso. Filloyren esanetan, ekoizpena diru-sarrerak sortzeko adinakoa izaten bada, gutxienez abuztura arteko soldatak ordaintzeko aukera izango dute diru-kutxan dagoenarekin.

Enpresa batzordeak pozik hartu ditu hitzok, eta zuzendaritzak zuen "plana" indargabetzen duela esan du, bai kaleratzeak, baita enpresaren itxiera ere: "Gogorarazi nahi dugu, hain zuzen, horregatik aritu garela borrokan hilabete hauetan guztietan. Egoerak konplexua izaten jarraitzen duen arren, eta Tubos Reunidosek bizi duen egoera larria ukatu gabe, hau langileen eta denbora honetan guztian egindako borrokaren lorpena da", azaldu dute langileen ordezkariek ohar bidez. Euren esanetan "etapa berri bat" ireki da eta inbertitzaileak erakartzeko prozesuan sartu dira orain. 

Oier Bidaurrazaga enpresa batzordeko LABeko kideak baikor hitz egin du. Bere esanetan, administratzaileak "zuzendaritzak izan ez duen gardentasuna" erakutsi du orain arteko denbora guztian. 

ELAk eta LABek esan dute, jarrera aldaketa horren ostean EEEaren kontra auzitegian jarrita zuten salaketa kenduko dutela; ESK-k, aldiz, argi utzi du ez duela halako pausorik emango indargabetzea "juridikoki formalizatzen" ez den bitartean. Sindikatu honek ere positiboki baloratu du "konkurtso aurretik zegoen eszenatokia erabat aldatu" izana, baina ohartarazi du oraindik asko geratzen zaiela "zaintzeko, aurre egiteko eta borrokatzeko".

 


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.