Tubos Reunidoseko langileen laurdenak bozkatu du grebaren aurka, grebalarien protesta eta iruzur salaketa artean

  • Ostegun goizerako zegoen deituta Tubos Reunidoseko grebaren jarraipena bozkatzeko bilera Amurrioko lantegian. Galdeketaren antolatzaileek eta batzarrera sartu diren langileek Ertzaintzaren babesa izan dute eta zain zituzten piketeak; grebalarien ustez, batzarra "zuzendaritzaren maniobra" da. 232 langilek bozkatu dute grebaren aurka, 889 behargin ditu enpresak.


2026ko maiatzaren 7an - 11:17
Azken eguneraketa: 12:58
Lantegian guztira 230 lagun inguru sartu dira. Piketean salatu dutenez, erdia, gutxienez, Lan Hitzarmen Kolektibotik kanpoko enpresako langileak dira. Aiaraldea
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Berria-k argitaratu duenaren arabera, 243 langilek bozkatu dute gaurko batzarrean. Horietatik greba bertan behera uztearen alde egin dute 232k, batek kontra eta abstentzio bat ere egon da. Langile guztien laurdenak bozkatu du, hortaz, grebaren aurka, 889 behargin baititu enpresak.

Bozketa deialdiarekin bat egin dutenak Iparraldeko tren geltokitik lantokiraino "ibilaldi lasaian" joan dira, Ertzaintzak lagunduta, lan gatazkaren jarraipen zabala egiten ari den Aiaraldea.eus-ek jaso duenez. 100 lagun inguru bildu dira, tartean galdeketaren deitzaileak eta Andres Garcia Enpresa Batzordeko presidentea, besteak beste. Bien bitartean, grebalariek fabrika sarreran alfonbra gorria jarri dute, greba mantentzea edo bertan behera uztea bozkatzera joan diren langileei "ongietorria" emateko, eta txaloka hartu dituzte, ironiaz. Lantegian guztira 250 lagun inguru sartu dira. Piketean salatu dutenez, erdia, gutxienez, Lan Hitzarmen Kolektibotik kanpo dauden enpresako langileak dira (bulegoetakoak, administraziokoak...).

"Zuzendaritzaren maniobra"

Astelehenean (maiatzak 4) bilera egin zuen Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak, osteguneko galdeketaz hitz egiteko, eta orduan erabaki zuten ez ziotela zilegitasunik emango. Sindikatu gehienek (ELAk, LABek eta ESK-k) babestu dute jarrera hori eta erantsi dute ekimenak ez dituela Lan Hitzarmen Kolektiboa eta Langileen Estatutua betetzen, Aiaraldea.eus-ek publikatu duenez.  Horrekin batera, salatu dute ez dietela bildutako sinaduren gaineko informaziorik eman eta guztia zuzendaritzaren mugimendua dela langileak banatzeko. Batzordearen gehiengoak langileak deitu zituen osteguneko piketean parte hartzera.

Bi egun lehenago, maiatzaren 2an, Aiaraldea.eus-ek gertakarien kronologia jaso zuen. Bezperan, El Correo egunkariak argitaratu zuen Amurrioko langile talde batek behargin guztien %25aren sinadurak bildu zituela maiatzaren 7an batzarra deitzeko, grebaren etorkizunari buruz bozkatzeko. Sindikatuek adierazi zuten ez zutela horren berririk. Are gehiago, ESK sindikatuak "bulo" gisa sailkatu zuen albistea, dokumentua sare sozialen bidez zabaltzen ari zelako inolako sinadurarik gabe. Horrela ez zela jabetzean, greba deitu duten sindikatuek batzarraren berri askoz beranduago jaso izana salatu zuten, eta "zuzendaritzaren maniobra" dela esan.

Egitasmoaren buruak "zuzendaritzarekin harreman estua duten pertsonak" direla diote grebalariek, eta ez "langile arruntak". Zehaztu dutenez, batzarraren presidentea Hego Koreako eta Txinako Salmenta arduraduna izango da, idazkaria arlo komertzialeko kide bat, eta ikuskatzaileak IT aplikazioen arduraduna eta Eraginkortasun eta Energien arduraduna. Komunikazioaren sinatzailea Tubos Reunidoseko Merkatu Nazionaleko arduraduna da.

Bestalde, sindikatuek gaineratu dute batzarraren antolatzaileek badakitela greba ez dela bertan behera geratuko, baina langileen artean "desadostasuna sustatu" nahi dutela, baita "greba bera kriminalizatu" ere. "Lanera joatea eta greba egitea banakako eskubideak dira. Guk greba egingo dugu, lanera joan nahi duenak bere eskubidea dauka. Osteguneko piketean ikusiko dugu elkar, bakoitza bere aldean", zioen iturri sindikaletako batek Aiaraldea.eus-en.

Asteazkenean, hilak 6, galdeketaren bezperan, antolatzaileek Langile Batzordeari jakinarazi zioten Trapagarango langileek ere parte hartuko dutela deialdian. Bizkaiko lantegiko beharginek ez dute bozkatuko, baina hitza hartuko dute bileran. Halaber, sare sozialen bitartez iragarri zuten lantegian sartzeko "manifestazio lasaia" egingo zutela, Ertzaintzak lagunduta, Iparraldeko tren geltokitik enpresaraino.


Irakurri gehiago: Langile borroka Ekonomia
Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.