Hartzekodunen konkurtsoan sartu eta hamar egunera, eta langileen artean haustura emanda, heldu da erabakia. 96 egunez egon dira greban langileak.
Astelehenean lanera bueltatuko dira Amurriko (Araba) Tubos Reunidoseko langileak, langile batzordeak ostiral goizean jakinarazi baitu bertan behera utziko duela greba mugagabea. Bi hilabete baino gehiagoz egon dira greban, enpresak otsailean 301 kaleratze iragarri zituenetik, horietatik 274 Amurrioko lantokian. Maiatzaren 5ean, aldiz, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen enpresa, eta asteazkenean kaleratu zuen Vocento taldeak enpresak jada bazuela administraria, sindikatuek informaziorik jaso ez bazuten ere. Hori horrela, “egoera aldatu” egin dela argudiatuta, bertan behera utzi du greba mugagabea langile batzordeak.
Zantzuak bazeuden, ordea, aurretik ere. LAB, ELA eta ESK sindikatuek gehiengoa duten langile batzordeak greba mantendu du ostiralera arte, baina astelehenean jada batzuk itzuli ziren lan egitera. Izan ere, pasa den ostiralean langile batzordeaz haragoko asanblada egin zuten 234 langilek, eta 232 boto izan zituzten lantokira itzultzearen alde. Langile batzordeak ez, baina CCOO eta UGT sindikatuek babestu egin zuten asanblada hori, eta astelehenean bertaratu dira lehen langileak enpresara. Enpresak ordaindutako autobusetan sartu dira langileak, eta pikete eta txistu artean jaso dituzte grebalariek: langile batzordeak jakinarazi du “oso gutxi” izan direla astelehenean lan egitera joan direnak, eta gehitu du bulegokoak direla, “multinazionaleko egiturakoak gehienak”.
Hartzekodunen konkurtsoa eta administrari berriaren ostean heldu da langile batzordearen erabakia. Asteazkenean egin da publiko PKF Attest enpresa, aurretik La Naval edo Larios familiaren jabegoen likidazioak kudeatu dituena, izango dela aurrerantzean enpresaren administratzailea –Tubos Reunidosek 250 milioi euroko zorra du, horietatik 150 Espainiako Gobernuarekin–, eta sindikatuek albistea “sorpresaz” hartu bazuten ere, jakinarazi dute maiatzaren 26an bilerara deitu dituela zuzendaritzak.
Edozelan ere, greba bertan behera utzi arren, egoeraren arabera lanuzteak berriz "aktibatzeko" prest agertu da batzordea.