Tubos Reunidosen enplegua erregulatzeko espedientea argitaratu baino lehenago bildu dira Amurrioko eta Trapagarango enpresa-batzordeak estrategia bateratu batekin azaltzeko otsailaren 9ko bileran.
Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta ordezkaritza duten sindikatuek eta konpainiek egindako bileran azaldu bezala, enpresak enplegua erregulatzeko espedientea osatu du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietarako. Kaleratze kolektiboak eta lan baldintzen aldaketak eragingo ditu. Negoziazio mahaia otsailaren 9an bilduko dela iragarri dute eta enpresak bideragarritasun plana aurkeztuko die batzordeei. Neurriaren helburua ahalik eta eragin sozial txikiena edukitzea da, industria-jardueraren eta enpleguaren jarraipena bermatuaz. Enpresa batzordeek informazioa bidali diete langileei eta azaldu diete informazio batzarra egingo dutela otsailaren 10ean. Horretaz gain, otsailaren 13an Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailarekin eta Arabako Aldundiarekin bilera egiteko asmoa dute.
2007an eskatutako 170 milioi euroko kredituan dago zulo ekonomikoaren iturburua sindikatuen arabera. Bestalde, enpresak 2025eko lehen seihilekoan 28,4 milioiko galerak eduki zituen eta Amurrioko lantegian 2025eko irailetik 2026ko otsailera bitarte ERTEak martxan jarri zituen.
Honen aurrean, bi lantegietako enpresa-batzordeak 10:00etan Trapagarango lantegian bildu dira, enplegu-erregulazio espedienteari emango dioten erantzuna koordinatu eta zuzendaritzarekin izango duten hurrengo bileran estrategia bateratuarekin azaltzeko. Sindikatuek adierazi dutenez, espedienteak gutxienez langileen %10ari eragingo lioke, eta beraz, 130 kaleratze inguru eragin. Hala ere, ordezkariek azaldu dute ez dutela espedientearen inguruko zehaztapen gehiegirik, enpresak egindako iragarpenetik eta ostiralean zuzendaritzarekin izandako bileratik haratago.