Tubos Reunidosek kaleratu nahi dituen 42 langileren behin-behineko kontratua ez da legezkoa, eta behargin finko bilakatu beharko ditu

  • Enpresak bazekien hori, baina ez du aipatu enplegua erregulatzeko espedientearen dokumentazioan. Hala azaldu dute sindikatuek Lan Ikuskaritzarekin izandako bileraren ostean. Sindikatuek, euren aldetik, iragarri dute helegitea jarriko diotela espedienteari.


2026ko martxoaren 26an - 07:00
Asteazkenean Gasteizen Tubos Reunidoseko langileek egindako manifestazioa. Hala Bedi
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lan Ikuskaritzak asteazkenean komunikatu die Tubos Reunidoseko sindikatuei enpresak kaleratu nahi dituen 42 langile ebentualen behin-behineko kontratuak finkoak bilakatuko dituela. 

Enpresarekin eta langileen ordezkariekin asteazken goizean izandako bileran azaleratu da egoera. Dirudienez, konpainiak bazekien, erakunde publikoak pasa den astean jakinarazi baitzion aldez aurretik, baina informazio hori ez du aipatu enplegua erregulatzeko espedientean.

Enpresa egoeraren jakitun zen, baina ez du aipatu aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientean

Aiaraldea Komunikabideak duela aste batzuk azaldu zuen Tubos Reunidosek kontratua luzatu ziela behin-behineko langileei hurrengo astera arte, nahiz eta kontratua amaitzen zitzaien enplegua erregulatzeko espedientea indarrean sartu baino lehen.

Langile erakundeek bere unean salatu zuten mugimendu hori bazela kaleratze kopurua puzteko modua eta orain Lan Ikuskaritzari eskatu diote informazioa jakiteko zergatik bilakatu dituzten kontratuak finko eta horrekin lotuta dagoen.

Eta orain zer langile horiekin?

Orain airean geratzen den galdera da zer gertatuko den 42 behargin horiekin. Izan ere, enplegua erregulatzeko espedientean behin-behineko langile kaleratu gisa agertzen dira. 

Sindikatuek ez dakite nola bideratuko duen enpresak egoera, baina salatu dute ez lituzketela sartu behar kaleratze boluntarioen zerrendan, ez baitzaiei horri buruz galdetu. Gogoratu beharra dago boluntarioki konpainia uzteko prozesua finkatu zutela eta behargin horiek ez dutela bertan parte hartu.

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioa Bilbon. Aiaraldea.eus

Langile erakundeen aburuz, asmo hori diskriminatzailea da. Izan ere, langile finkoek boluntarioki hartu dute bide hori eta 42 ebentualek ez. Edonola, printzipioz, enpresak adierazi du kaleratze horiekin aurrera egiteko helburua duela.

ESK sindikatuak iragarri dio Aiaraldea Komunikabideari sustatuko dutela finko bilakatuko diren ebentual horiek euren kasuak judizializatzea, ez baitzaie aukera eman erabakitzeko zein bide hartu nahi duten. "Tubos Reunidosek saldu du hedabidetan kaleratzeak boluntarioak direla, eta hemen ez da horrela jokatzen ari, argi eta garbi", adierazi dute.

Espedientea auzitegietara

Horrez gain, ELA, LAB eta ESK sindikatuek iragarri berri dute helegitea jarriko diotela espedienteari, kaleratzeak, altzairutegiaren itxiera eta logistikako atalaren kanporatzea justifikatu gabe daudela iritzita. Gauzak hala, epaitegietan ere bidea egingo du auziak. 


Irakurri gehiago: Langile borroka Ekonomia
Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.