Tubos Reunidoseko zuzendaritzak azaldu duenez "diruzaintzako tentsioek" eraginda aurkeztu du hartzekodunen borondatezko konkurtsoa. Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) enpresa batzordeak bilera batera deitu ditu asteazken honetan. ESK-k zuzendaritzaren "engainua eta manipulazioa" salatu ditu.
Iragarrita zegoen bezala, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa aurkeztu du astelehen honetan Arabako epaitegi batean.
Enpresa Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) azaldu dionez, "diruzaintzako tentsioek" eraginda aurkeztu du konkurtsoa, eta egoera hori "larritu" egin da Amurrioko plantak jarduna eten duelako "bere gogoz kontra". Alegia, langileen artean gehiengoa duten ELA, LAB, ESK-k deituriko greba egin du erantzule.
ESK sindikatuko ordezkari Gorka Abascalek erabat arbuiatu du ideia hori, eta esan du greba ez dela arazoa izan: "Enpresa konkurtsora ez da sartu bi hilabeteko gatazka batengatik, baizik eta aurretik zetorren egoera batengatik eta aurretik hartutako erabakiengatik". Tubos Reunidosek 263 milioiko zorra pilatu du urteotan, eta 2025 urtea 118 milioi euroko galerarekin amaitu zuen.
Konkurtsoa aurkezteak lantaldearen zati bati eragiten dien kaleratze espedienteak etengo ditu momentuz. Abascalen esanetan, zuzendaritzaren "engainua eta manipulazioa" ikusi da horrekin, garbi geratu delako enpresak ez duela dirurik: "Hitzemandako indemnizazioak itxurakeria zirela erakusten du horrek".
Zuzendaritzak azaldu du maiatzaren 6an bilera banatara deitu dituela Trapagarango eta Amurrioko enpresa batzordeak, hartzekodunen konkurtsoaren ondorioak azaltzeko.
Hain justu, hurrengo egunerako batzarra dago deituta, langileen zati baten eskaera sinatu ondoren, grebarekin jarraitu hala ez erabakitzeko. Enpresa batzordeak baina, ELA, LAB eta ESK-ren babesarekin, zilegitasuna kendu dio batzar horri eta piketeak indartzeko deia egin du.