Tubos Reunidosek 285 langilerentzako espedientea aurkeztu du azkenean

  • Iragarritakoa baino kaleratze gutxiago izango diren arren, 285 langile utziko ditu kalean Tubos Reunidoseko zuzendaritzak azkenean, horietatik 205 "borondatezkoak" eta 80 behin-behineko langileak; azken horiek hilaren 31n kaleratuko dituzte. Sindikatuek salatu dute "presio, xantaia eta mezu alarmisten" ondorio direla zifra horiek. Asteazken honetan agerraldia eta manifestazioa antolatu dituzte Gasteizen.

Tubos Reunidoseko langileak BBVAren akziodunen batzar aurrean elkarretaratu ziren joan den ostiralean. Foku / Jaizki Fontaneda

2026ko martxoaren 24an - 09:21
Azken eguneraketa: 11:57
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehen iluntzean, eta enpresa batzordeari azken orduan jakinarazita, halaxe aurkeztu du Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) Tubos Reunidoseko zuzendaritzak lan arloko agintaritzan. Azkenean 285 langileri eragingo die espediente horrek, hasieran iragarritako 301 langileei beharrean. Horietatik 222 Amurrioko (Araba) lantegian aritzen dira, eta 63 Trapagaranen (Bizkaia).

Hilabete baino gehiago iraun duen gatazkaren ondoren, eta sindikatuek enplegu suntsiketaren aurrean greba mugagabe batekin emandako erantzun irmoaren ostean, enpresak aurrera egin du bere asmoetan.

Astebete barru, kale gorrira

EFEk zabaldu duenez, espedienteak "borondatezko" 205 langileri eta behin-behineko beste 80ri eragingo die. Azken horiek hilaren 31n kaleratuko ditu enpresak eta lan egindako urte bakoitzeko 33 egun besterik ez die ordainduko, beste langileentzako proposatutako 38 egunak baino gutxiago. Gainerakoei, aldiz, datorren astetik hasi eta 2027ko ekainaren 30a bitartean etengo diete kontratua.

Langileek eta sindikatuek pasa den ostiralean Bilbon BBVAren akziodunen batzarra egiten ari ziren bitartean antolatutako elkarretaratzean azaldu zuten "behin-behineko" langileek urteak daramatzatela kontratu mota horren pean lanean Tubos Reunidosen, eta orain beste inongo aukerarik gabe kaleratu egingo dituztela.

Behin-behineko langileek urteak daramatzate kontratu mota horren pean lanean Tubos Reunidosen, eta orain "beste inongo aukerarik gabe" kaleratu egingo dituztela salatu dute sindikatuek

Zorrak, hipotekak eta manipulazioa

Enpresak zabaldu duen "kontakizunaren manipulazioa" ere salatu dute langileek. Euren esanetan, "ustezko borondatezkotasun" hori "presio, xantaia, mezu alarmista eta sortutako ziurgabetasun asteen ondoren agertzen da, plantillari alternatibarik ez dagoela jakinarazi zaion testuinguru batean".

Sindikatuen arabera EEEak plantilla osoaren etorkizuna "hipotekatuko" du, enpresak lantegiaren gaitasun industriala "desmuntatzeko" bidea hartu duelako. Arazoaren muina Tubos Reunidosek Espainiako Gobernuarekin eta BBVArekin duen zorra da, bankuko akziodunek 2008an lantegiak sortu ez zituen etekinen banaketa handi bat erabaki zuelako.

Poliziaren oldarraldiak ere jasan dituzte, enpresaren "presio eta xantaiaz" gain. Juanjo Basterra

Mobilizazioa Gasteizen

EEEa aurkeztu bezain pronto, langileek azken asteotan egin bezala berehalako erantzuna iragarri dute eta asteazken honetan goiz osoko elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Lan Ikuskaritzaren egoitza aurrean.

Goizean, manifestazio batek hiriko kaleak zeharkatuko ditu. Eusko Legebiltzarraren, Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren Jauregiaren paretik igaroko da, besteak beste.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.