Tubos Reunidos-eko zuzendaritzak 301 langile kaleratu nahi dituela-eta, mobilizazioei eustera dei egin dute sindikatuek

  • Orotara 301 langile kaleratu nahi ditu Tubos Renunidos multinazionalak, Amurrioko fabrikan ari diren 274, eta Trapagako 2, astelehenean aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientean jasoa dagoenez.


2026ko otsailaren 9an - 09:35
Azken eguneraketa: 2026-02-10 10:48
Aiaraldea.eus
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sindikatuen hitzetan, enpresaren asmoa altzairutegia gelditzea eta 2027an ixtea da, mantenua kanporatzea eta logistika azpikontratatzea, Aiaraldea.eus-ek jaso duenez.

Multinazionalak informazio gehiago eman du Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean (CNMV) plazaratutako txostenean: 274 pertsona kaleratu nahi dituzte Amurrion (Araba) eta 27 Trapagan (Bizkaia). Enpresak aurkeztutako bideragarritasun planak hiru ardatz izango ditu: merkatuaren dibertsifikazioa, kostuen murrizketa eta zorraren txikitzea. Azaldu dutenez, 2025ean abiatu zuten kostuen murrizketa, AEBetako lantegiko jarduna geldituta. Gaur egungo egoerak, aldiz, "neurri berriak" hartzera eraman du enpresa, "hala nola Amurrioko altzairutegia pixkanaka gelditzea, totxoa eta lingotea egiteko lanak kanporatzea eskariaren portaerara egokituz, eta produkzio-prozesuari eta zeharka eragiten dieten beste arlo batzuei lotutako langileen irteerak egotea". 

Zehaztu dutenez, "faseka" kaleratu nahi dituzte 301 langileak (87 behin-behineko kontratuekin eta 214 kontratu finkoekin), "inpaktu soziala txikituz eta modu progresiboan". Izan ere, "hornitzaile lehiakorren bilaketa" abiatu nahi dute aldi berean.

Mobilizatzera deitu dute sindikatuek

ELAk espedientea "berehala" kentzea eskatu eta greba mugagabera jotzea proposatu du. "Enpresak alegatu nahi dituen arrazoiei buruzko dokumentazioa zorrotz aztertuko dugu", adierazi du. "Urtarrilaren 9ak balio izan du Amurrioko zentroko Tubos Reunidoseko langileek deitutako grebarekin bat egin dezaten. Otsailaren 13an beste greba egun bat dago deituta, Eusko Jaurlaritzako Industriako arduradunekin izandako bilera aprobetxatuz".

LABek ere erregulazioko espedientea bertan behera uztea exijitu du, eta salatu du zuzendaritzak "bere kudeaketa negargarriaren ondorioak" langileei ordainarazi nahi dizkiela. Sindikatuak azpimarratu du egungo egoera ezin zaiela kanpoko faktoreei soilik egotzi, baizik eta urteetan zehar pilatutako enpresa erabakien ondorio dela. Gogorarazi du enpresak diru laguntza publiko handiak jaso dituela, zenbait garaitan dibidenduak banatu dituela eta une kritikoetan babes instituzionala izan duela. "Bidegabea iruditzen zaigu orain langileek kaleratze eta lan murrizketen bidez ondorio horiek bere gain hartu behar izatea". Irtenbide bakarra "plantillen antolakuntza eta mobilizazioa" direla dio.

Ildo berean mintzatu da ESK sindikatua: "Ez ditugu onartzen ez enplegu-erregulazioko espedientea, ez kaleratzeak, ezta gure lan-baldintzen okertzea ere. Langileei batasunera deitzen diegu enpresari aurre egiteko eta Trapagarango eta Amurrioko lantegien etorkizunaren alde borrokatzeko". Zuzendaritzak, beste behin, bere "aurpegirik gordinena" erakutsi duela dio. "Espedientearen asmoa ez da soilik gure lanpostuen aurka egitea; langileen aurkako iraina da, eta lortzea hainbeste kostatu zaigun lan-eskubideak murrizteko beste ahalegina".

Arabako ahaldun nagusiaren babesa langileei

Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, bere kezka eta babesa adierazi die Amurrioko Tubos Reunidoseko langileei, baita Aiaraldea osoari ere. Gonzálezek azpimarratu du "egoera zaila bizi duen eskualde batentzat kolpe gogorra" dela, eta lehentasuna enpresaren eta langileen etorkizuna bermatzea dela nabarmendu du. Ildo horretan, egoerari epe ertain eta luzeko ikuspegitik heltzeko deia egin du: "Erreakzio sutsu eta epe motzekoetatik aldendu behar dugu, eta Arabako enpresa historiko baten bideragarritasunean pentsatu; izan delako eta izaten jarraitzea nahi dugulako Aiaraldeko jardueraren eta enplegu industrialaren motor".

Arabako PSE-EEk ere elkartasuna azaldu die langileei, eta Aiaraldean enplegua eta industria babestuko dituen konponbidearen alde egin du. Javier Hurtado idazkari nagusiaren hitzetan, alde guztiei dagokie erantzukizuna hartzea. "Konponbideak etorri behar du aldeen arteko negoziazioetatik, ez da traumatikoa izan behar, eta berme legal guztiak izan behar ditu".

Astelehenean, 24 orduko greba

Igande gauean abiatu zuten Tubos Reunidoseko Arabako langileek 24 orduko greba, zuzendaritzak iragarritako kaleratze kolektiboen aurka,  Enpresa Batzordeak astelehenean zuen-eta bilera zuzendaritzako kideekin Amurrioko lantegian.

Langileek piketeak egin dituzte astelehenean, goizeko 5:00etatik aurrera, eta elkarretaratzea ostean. Aiaraldea.eus agerkariak zuzenean jarraitu du lanuztea, eta gaueko txanpak "erabateko jarraipena" izan duela jaso du. 

Aiaraldea-k jakinarazi du tentsioa izan dela Ertzaintzaren eta langileen artean, Polizia piketea baimendutako tokitik mugiarazi nahi zuelako, baina ehunka lagunekin egin duela topo eta langileak fabrika pareko zubian geratu ahalko direla azkenean.

Enpresaren planari "erabateko gaitzespena"

Pasa den ostiralean azaldu zituen Amurrioko Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordeak bi greba egun eta mobilizazioak deitzeko arrazoiak. Zuzendaritzak iragarritako kaleratze kolektiboei aurkakotasuna adierazteko. Zuzendaritzak iragarritako kaleratze kolektiboa gogor kritikatu dute langileek: "Ez dugu onartuko inolako enplegu-suntsiketarik, ezta lan-eskubideen murrizketarik ere, gure jarrera irmoa da", adierazi zuten, deitutako mobilizazioen epizentro izango den zubian egindako agerraldian.

"Erabaki enpresarial bat plantillari leporatu nahi diote, enpresa zuzendu dutenek eta erabaki horiek baliabide publikoekin babestu dituztenek inolako erantzukizunik izango ez balute bezala", aldarrikatu dute. Enpresa Batzordeak azaldu dutenez, Tubos Reunidosek diru publikoko 100 milioi eurotik gora jaso ditu zuzeneko zein zeharkako laguntzen bidez, "enpresaren bideragarritasuna, industria-jardueraren jarraipena eta enplegua" bermatzeko helburuarekin. Tubos Reunidosi, erakunde publikoei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "ez dezatela euskal gizartea engainatu".

Langileek ukatu dute Tubos Reunidoseko gaur egungo egoera "ustekabeko zoro baten edo bat-bateko aurreikusi ezinezko zerbaiten" ondorio denik: "Egoera hau diru publikoaren babes berezi baten pean hartutako erabaki enpresarial batzuen emaitza da". 2008tik "arrastaka" datozen erabaki enpresarialak direla azaldu dute beharginek: "Urte hartan, 170 milioi euroko kreditua eskatu zuten Condesarekin bat egiteko aitzakiarekin, eta finantza-jokaldi bikaina izan zen diru hori banatzeko eta garai hartan zegoen 35 milioi euroko zorra 200 milioira igo zuten".

Amurrioko Enpresa Batzordeak "erabat gaitzetsi" du Enplegua Erregulatzeko Espedientea, eta lanpostuen suntsiketarik onartuko ez dutela aldarrikatu dute, "ez Amurrion ez Trapagaranen". 900 bat langile ari dira Amurrioko fabrikan, eta 350 inguru Trapagaranen. Trapagaranen, bi eguneko lanuztea egitearen alde zeuden sindikatuek (ESK eta LAB) ez dute gehiengorik lortu, eta langileek ez dute protestarekin bat egin.

Egoera bideratu ezean, ordezkari sindikalek greba egun eta mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.