Tubos Reunidos Israelgo armagintzarekin lotu du ikerketa batek, saldutako materialaren arrastoari jarraituta

  • Tubos Reunidos euskal enpresa eta Erzia Technologies kantabriarra dira Israeli armak saltzeari ez kanpainak publikatutako txostenean ageri diren “susmagarri nagusiak”. Lehena, 2024ko otsailean IMI Systems enpresarentzat 19 tona altzairuzko hodi bidaltzeagatik; eta bigarrena, 800.000 euroko balioa duten mikrouhin-anplifikadoreak saltzeagatik Elbit Systems Electronic Warfare and Signals Intelligence enpresari. IMI eta Elbit armagintzarekin lotura duten enpresak dira, kanpainaren sustatzaileek diotenez.


2026ko urriaren 8a - 09:54
Azken eguneraketa: 13:36
Tubos Reunidosi dagokionez, Imi Systems enpresari enbargoa baino lehen egindako bidalketak ditu hizpide hainbat eragilek osatutako txostenak.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikerlanak azaleratu duenez, 10/2025 Errege Lege Dekretua indarrean sartu ondoren egin ditu Erziak zenbait bidalketa, “agerian utzita Israeli ez zaizkiola armak enbargatu”, salatu dute aipatu kanpainako kideek. “Inplikatutako enpresen erantzukizunak ondorio penalak izan litzake, Sidenorren eta Maersk ontzi-enpresaren aurkako auzietan gertatu den bezala”.

Israelekin arma-merkataritza amaitzea eskatzen du kanpainak. Espainiako Estatuko RESCOP sareak bultzatua, 600 bat gobernuz kanpoko erakundek, sindikatuk eta gizarte-eragilek osatzen dute. Txostenean azaltzen denez, Palestinian Youth Movement (PYM) nazioarteko erakundeak emandako ontziratze-erregistroak aztertu eta aduanetako informazio publikoarekin kontrastatu dituzte, bidalketaren ezaugarriak (pisua, balioa, datak, hartzailea…) aintzat hartuta. Txostenak dio PYM erakundeak hasiera batean jakinarazi zituenak baino “askoz ere handiagoak” izan daitezkeela bidalketak.

Tubos Reunidosi dagokionez sei bidalketa jaso dira, orotara 134 tona altzairuzko hodi Israelera. “Kasualitatez, 2025eko ekainean eten ziren bidalketak, Sidenor auzia argitara atera zen hilabete berean”.

“2024ko otsailean –enbargoa indarrean jarri baino lehen– Israel Military Industries enpresarentzat (IMI Systems) 19.720 kilo altzairuzko hodi bidaltzeari buruzko ontziratze-erregistroak daude”, zehazten du txostenak. “Hain zuzen ere, bidalketa hori Israelgo Ashdod portura joan zen, eta bidaia horretan Sidenorrek bidalitako 199.018 kilo altzairuzko xaflarekin batera garraiatu zuten”. IMI enpresak irismen gutxi eta ertaineko koheteak fabrikatzen ditu, baita doitasun handiko munizioa eta ibilgailu blindatuentzako defentsa sistemak ere.

Txostenak jasotako datuen harira, Espainiako Estatuan abiarazitako kanpainak gobernuari eskatu dio, besteak beste, Israelerako armak –edo erabilera bikoitza izan dezakeen materiala– enbargatzeko, Israelekin harreman oro –diplomatikoak, politikoak, ekonomikoak...– eteteko, Tubos Reunidos eta Erzia enpresek egindako bidalketak ikertzeko, eta erantzukizunak eskatu eta hala badagokio, isunak jartzerko.


Irakurri gehiago: Ekonomia Israel Nazioartea Asia
Ekonomia kanalean gehiago
2026ko azaroaren 6
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
AHTaren porrota iritsi da kanpainara

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.