AEBetako agintaldi erdiko bozetan, inkestek ziotena bete da: demokratak aise gailendu dira bai Ordezkarien Ganberan, bai Senatuan. Agintaldiaren bigarren zatia konplikatu zaio Donald Trump presidenteari, bi ganberak kontra izango dituelako.
Hasiera batean, presidentetzaren plebiszitu gisa aurkeztu zituen Trumpek hauteskunde hauek, nahiz eta porrota gainean zuenean halakorik ukatu. Ohikoa da gobernatzen ari den alderdiak emaitza kaskarrak lortzea hauteskunde hauetan, baina ez neurri honetan. Presidenteak jaso duen zaplaztekoa handia izan da.
Trumpek agintzen jarraituko duen datozen bi urteetan, gehiengoa demokratek izango dute Ordezkarien Ganberan, eta beraz, presidentearen lege proposamenak blokeatzeko aukera izango dute. Senatuan ere gehiengoa izanik, kanpo politikari lotutako erabakietan eragin ahal izango dute demokratek, eta Auzitegi Gorenerako hautagaia ere blokeatu ahal izango dute.
Kontra du presidenteak Kongresua. Kontua zera da, Trump geldiaraztea lortuko dute demokratek, ala Kongresua aurka duenez erakutsi duen noraez autoritarioan sakonduko du presidenteak? Jada irudi bat egin du publiko, beto hitza nabarmenduta, Kongresuan hemendik aurrera proposatu daitezkeen legeei betoa jarriko diela iradokiz.
Lehen aldi ugari
Tradizionalki errepublikanoen feudo izan diren hainbat estatutan gailendu dira demokratak, eta lehen aldi ugari utzi dituzte hauteskundeok. Adibidez, Abdul El-Sayed herrialdeko lehen senatari musulmana izango da, AIPAC lobby pro-israeldarrak bultzatutako kanpaina islamofobo baten ostean. Texasen, senatari demokrata batek irabazi du lehen aldiz 1988tik, eta Kansasen 1932tik. Kaliforniako lehen gobernadore latinoa izango da Xavier Becerra demokrata, eta Keisha Lance berriz, gobernadore aukeratutako lehenengo emakume beltza.