Trumpen enegarren korolarioa: bi gezurrekin egia bat egin liteke

  • AEBen eta Txinaren arteko harremanetan Tuzididesen tranpa zertan datzan ulertu badu ez badu, Donald Trump, dirudienez, jabetu da AEBek buruhauste handi samarra dutela Taiwango auziaren kontura, txarrera jarriz gero.


2026ko maiatzaren 18an - 14:08
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Pentsa: 59 miliatara dago [Txinatik]. 9.500 miliatara gaude gu. Arazo bihurri samarra da hori”, esan dio Fox News kateari Pekinetik itzuli orduko. Taiwanek Txinarekiko duen gertutasunak eta AEBen harekiko urruntasunak balizko erantzuna nola zailtzen duen berresteko, jakina. Berria balitz bezala.

Deigarriena da, haatik, AEBek orain arte irla harekin hitzemanda omen dauzkaten konpromisoak ere pikutara bidaltzeko asmoa iragartzen omen duten hitz horiek, eta tenore bertsuko beste batzuek, piztu duten zalapartan, inork ez diola aurpegiratu Trumpi begien bistakoa dena: arrazoibidea funtsatzeko erabili dituen bi datuak okerrak direla. Nabarmen okerrak. Nahi gabeko hutsegitea baino zerbait gehiago adierazten dutenak. Ateratzen den ondorioa –bai zuzena, ordea, hura– sendotzeko puztuak.

59 milia baino dezente gehiagora dago Taiwan irla kontinentetik. Usu, 180 bat kilometroko zabalera esleitzen zaio Taiwango itsasarteari. Kontinentea eta irlaren arteko gutxieneko distantzia 130 kilometro baino gehixeagokoa da. Betiere, 59 milia baino arras gehiagokoa. Edonola ere, huskeria Taiwandik Kaliforniara dauden 6.500 miliarekin alderatuta. Baina ez 9.500.

Bistakoa da Trumpek zailtasuna azpimarratu nahi izan duela Txinaren hurbiltasuna eta AEBen urruntasuna puztuta. Baina hartarako nahikoa zukeen egitate hutsa aipatzea: AEBak ia ehun aldiz urrunago daudela Taiwandik. Okerra zuzendu nahi izan ez dutenek ere badakiten bezala. Eta alde hori ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula.

Irangoak dagoeneko erakutsi duen eran, gerra konbentzional batean, Ukrainan bezala mugakideen arteko guduak ez direnean batik bat, hurbil/urruntasuna oso faktore funtsezkoa bihurtzen da. Ezagutzak, baliabideak, kostuak, erantzuteko gaitasunak eta gainerakoak distantziaren araberakoak direlako, hein batean, alde bakoitzarentzat. Are garrantzitsuagoa izango litzateke asimetria egungo munduko bi potentzia handienen arteko borroka batean, balizko indarretan berdintasun moduko bat badagoela ziurtzat eman daitekeenean. Logistika, gerragintzaren atal funtsezkoa da aspaldi-aspalditik, gerra modernoetan industria-ahalmena erabakigarria den bezalaxe. Kontuak –distantziarenak, besteak beste– ateratzea zuhurra da, beraz, Trumpen erara egina bada ere.

Gero eta egiatasun-itxura gutxiago duelako edo, 2027rako helduko zela Taiwango kinka zioten profetek iragarpena lauzpabost urte atzeratzea erabaki dutela dirudi. Aldiz, “AEBen babesa dutela deritzotelako” independentzia aldarrikatu eta gerra bat sutu nahi dezaketenak badirela esan du Trumpek, iradokiz oker dabiltzala. Ikusiko dugu. Baina ez litzateke lehendabiziko aldia izango.
Txikiak handia nahas leidi... batez ere handiaren grinarekin bat egiten badu.


Irakurri gehiago: Txina Nazioartea Asia AEB Amerika
Txina kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Trump Txinan

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.