25 urte iraunen duen hitzarmen horren bidez, AEBek 65.000 milioi upel bereganatuko dituzte, eta herrialdeko petrolio erreserbak bikoiztu. Venezuelako jarduneko presidente Delcy Rodríguezek, berriz, eskertu egin dio ituna Trumpi. Ziurtatu du Venezuelak “bere baliabideen gaineko subiranotasuna” mantenduko duela, eta akordioak "hazkunde ekonomikoa" ekarriko duela.
AEBetako presidente Donald Trumpek Venezuelarekin egindako akordioaren berri eman du ortziral honetan Truth Social bere sare sozialean: “Munduaren historian petrolioaren inguruan egin den akordiorik handiena da”. 25 urte iraunen duen akordio “historiko” horri esker, AEBek Venezuelaren petrolio gordinaren erreserben bortzen baten “kontrola” eskuratuko dute; 65.000 milioi upel baino gehiago, hain zuzen. Gauzak horrela, AEBen petrolio erreserbak orain halako bi izanen dira, eta, presidentearen arabera, “luzera begira erregaien prezioa nabarmen jaitsiko da estatubatuar guztientzat”.
Era berean, AEBetako presidenteak azpimarratu du transakzio horri esker “Venezuelak izugarrizko arrakasta eta oparotasun handirantz aurrera egiten jarraituko duela”. AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok, berriz, zehaztu du akordioak “ia 100.000 milioi dolarreko inbertsio pribatua” ekarriko diola Venezuelari, baita “ongi ordaindutako milaka lanpostu” ere.
Trumpek akordioa iragarri bezain laster, zenbait herritarrek zalantzan jarri dute itunaren zilegitasuna subiranotasun nazionala eta atzerriko esku-hartzea bezalako gaietan. Hortaz, Venezuelako jarduneko presidente Delcy Rodríguez ordu gutxira azalpenak ematera atera behar izan da Venezuelako Telebista kanalean, eta ziurtatu du Venezuelak “bere baliabideen gaineko subiranotasuna” mantenduko duela.
Rodríguezen hitzetan, akordioak herrialdearen “hazkunde ekonomikoa” bultzatuko du, operadore pribatuen parte hartzeari esker petrolio ekoizpena nabarmen handituko baita. Zehazki, upeleko 65 dolarreko prezioa erreferentzia gisa hartuta, herrialdeak 209.335 milioi dolar jaso ditzakeela azaldu du Rodríguezek.
Venezuelako presidenteak "helburua haratago" doala gaineratu du: "Bertze akordio garrantzitsu batzuk sinatu ditugu, bertzeak bertze, Chevron, Repsol Eni, Shell eta BP enpresa handiekin. Potentzia energetiko bat izan nahi dugu”.
Delcy Rodríguez: "Bertze akordio garrantzitsu batzuk sinatu ditugu, bertzeak bertze, Chevron, Repsol Eni, Shell eta BP enpresa handiekin. Potentzia energetiko bat izan nahi dugu”
Horrez gain, Rodríguezek erran du hitzarmenak herrialdeko “industria berreskuratzen eta modernizatzen” laguntzeaz gain, “hazkunde ekonomikoari, hemisferioko segurtasun energetikoari, eta nazioarteko merkatuen oreka handiagoari” ere mesede eginen diola.
Venezuela da petrolio erreserba frogatu handienak dituen herrialdea. Rodríguezek abuztuaren 24an zehaztu zuen gaur egun Venezuelak 1,23 milioi petrolio upel ekoizten dituela egunean, 2019ko otsailaz geroztik erregistratutako gehien. AEBek ez dute nahi, ordea, petrolio hori “AEBen etsaiek” kontrolatzea; hau da, Errusiak, Iranek edo Txinak.
Hori ekiditeko, AEBek Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu zuten urtarrilaren 3an, eta espetxera bidali, narkoterrorismoa, kokaina inportatzeko konspirazioa, eta gerrako armak edukitzea leporatuta. Bada, igandean Maduroren argazki berriak argitaratu dituzte espetxetik, ekainaren 25eko datarekin: "Jakin ezazue irmo gaudela. Argazki hauek opari txiki bat bezala bidaltzen dizkiet nire biloba guztiei, haurrei, eta maite gaituzten guztiei".
Behin Maduro kargutik kenduta, Delcy Rodríguez chavista mantendu zuen Washingtonek agintean. Hark hasieratik erran zuen Venezuelako Gobernuak ez zuela kanpoko inoren agindurik onartuko, baina Trumpek ohartarazi zuen prest zegoela Venezuelan indarra erabiltzeko baldin eta jarduneko presidenteak bi herrialdeen arteko lankidetzari eusten ez badio.
Geroztik, Venezuelak harreman diplomatikoak berrezarri ditu AEBekin eta Israelekin; narkotrafikoaren aurkako operazio bateratuak egin ditu AEBekin; eta Nazioarteko Zigor Auzitegitik atera da.