Trumpek mehatxu egin du Irango instalazio nuklear bati “nahiko laster, eta arras gogor” eraso eginen diola

  • Iranek Bahraini, Kuwaiti eta Jordaniari egin die eraso, AEBen erasoen 11garren gauaren ondoren. Islamiar errepublika su etena adosteko ahalegin diplomatikoak egiten ari da Pakistanen, baina Trumpek erran du ez duela akordio batera iristeko interesik. 


2026ko uztailaren 22an - 11:28
Azken eguneraketa: 12:41
Irango Pickaxe mountain izeneko gune nuklearraren satelite bidezko irudia. Al Jazeera
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

AEBetako presidente Donald Trumpek asteartean adierazi du Irango gune nuklear “susmagarri” bati eraso egiteko asmoa duela, “nahiko laster, eta arras gogor”. Pickaxe Mountain izenez ezagutzen da, eta Irango aberastasun nuklearreko instalazio nagusi baten ondoan dagoen lurpeko instalazio gotortua da. Trumpen mehatxuei erantzunez, Teheranek adierazi du ekintza hori eskalada handitzat hartuko duela, eta eskualdean erasoak hedatuko dituela. 

AEBek eta Iranek erasoak areagotu egin dituzte, uztailaren 8an Trumpek su etena bertan behera utzi zuenetik. AEBek Jordanian eta Bahrainen dituzten instalazio militarren aurkako erasoak aldarrikatu ditu Teheranek asteazkenean; asteburuan, berriz, AEBek Jordanian duen aire baseari egin zioten eraso. AEBetako armadak adierazi du asteburuko erasoen ondorioz bi soldadu estatubatuar hil direla, eta hirugarren bat desagertuta dagoela. Larunbatean Iraken drone bat desaktibatzen ari zela bertze soldadu bat hil zela baieztatu du Washingtonek.

Guztira, AEBetako hamazazpi militar hil dira gerra hasi zenetik, eta azken asteetan ehun soldadu zauritu direla erran du Pentagonoak. Presidenteak sare sozialetan astelehenean idatzitako mezu batean ohartarazi du Iranek “anitzez ere garestiago” ordainduko duela soldadu bat hiltzen duen aldiro. 

AEBek 11garren gauez jarraian egin diote eraso Irani, eta armadak ohar bidez adierazi du "Irango operazio militarreko zentroak, itsas gaitasunak, hegazkinen hangarrak, droneak gordetzeko instalazioak eta logistika militarreko azpiegiturak” jarri dituztela jomugan.

Negoziazioen egoeraz galdetuta, Trumpek astelehenean erran du Iranek “etsi-etsian bildu” nahi duela: “Baina modu esanguratsuan egiteko prest egon arte, guk ez dugu interesik horretan ere”. Irango Barne ministro Eskandar Momeni, berriz, Pakistanera joan da astelehenean bertako bere homologoak gonbidatuta. Pakistan bitartekari aritu da gatazkan, eta Teheranek eta Washingtonek akordio bat lortzeko elkarrizketak berreskura ditzaten ahaleginduko da.  

 37.500 milioi

AEB eta Iranen arteko gerra akitzetik urrun dagoela ikusita, AEBetako defentsa idazkari nagusi Pete Hegseth-ek defentsa departamentuarentzat diru gehiago eskatzeko agerraldia egin du astearte honetan Senatuan. Aitortu du Iraneko gerrak 37.500 milioi dolarreko kostua izan duela orain arte, eta defentsa departamentuak 61.100 milioi dolar gehiago beharko dituela “armadako kideei ordaintzeko, ekipamenduak eta munizioak azkar berritzeko, eta operazioei etenik gabe eusteko”. 


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...