Trumpek ziurtatu du Israel eta Hezbollahren arteko erasoak eten egingo direla, baina Israelek Libano bonbardatu du berriz ere

  • Israelekin eta Hezbollah miliziarekin hitz egin eta gero, AEBetako presidenteak astelehenean ziurtatu du adostasun batera iritsi dela eta erasoak etengo dituztela bi aldeek. Astearte goizaldean Israelek Libano hegoaldea bonbardatu du eta gutxienez hamar pertsona hil ditu, aurretik Hezbollahk suziriak jaurti dituela argudiatuta.

Donald Trumpek Netanyahurekin eta Hezbollahrekin hitz egin du eta erasoak eten egingo direla adostu dute. AFP / Andrew Caballero-Reynolds

2026ko ekainaren 2an - 12:19
Azken eguneraketa: 14:55
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Donald Trump AEBetako presidenteak astelehenean iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin hitz egin duela eta azken horrek ez duela Beirut erasotuko. Truth Social sare sozialean esandakoaren arabera, Netanyahurekin “dei produktibo” bat izan du eta adostu dute ez dela joango Israelgo troparik Beirutera eta bidean zirenak “jadanik buelta erdia” eman dutela. Halaber, mezu berean, iragarri du Hezbollah milizia xiitarekin ere hitz egin duela eta erasoak etetea onartu dutela. “Israelek ez die eraso egingo, eta haiek ez diote eraso egingo Israeli”, adierazi du.

Astearte goizaldean, ordea, Libano hegoaldea bonbardatu du Israelek. Israelgo armadaren esanetan, aurretik Hezbollahk jaurtigaiak bidali ditu Israelera, eta horregatik bonbardatu du armada sionistak Libano. Israelko armadaren arabera, Hezbollahren ustezko erasoek ez dute zauriturik edo hildakorik eragin. Libanoko albiste agentzia nazionalak jakinarazi du Israelen bonbardaketen ondorioz hamar pertsona hil direla gutxienez, horietriko bi haurrak.

Iran eta Ormuz jokoan

AEBek Iranekin dituzten elkarrizketekin lotura dute gertakari horiek guztiak, Hezbollah eta Iran aliatuak baitira. Hain zuzen ere, Iranek esana du Ormuzeko itsasartearen trafikoaren inguruko negoziazioak ezin direla egin Libanoko egoera kontuan hartu gabe. Trumpen mezua baino ordu batzuk lehenago Iranek AEBei aurpegiratu die “jarrera kontrajarriak” dituztela negoziazioetan, zeinak “sakoneko mesfidantza eta susmoen artean” egiten ari diren.

Mezu kontrajarriak izan dira azken orduetan. Iranek adierazi du geldiarazi egin zituela Washingtonekin zituen elkarrizketak Pakistanen bitartez. “Erregimen sionistak Libanon krimenak eragiten jarraitzen du eta ez da elkarrizketarik egongo erasoak amaitu ezean”.

Halere, ordu batzuk beranduago Pakistanek Iranen adierazpenak gezurtatu eta esan du elkarrizketek jarraitzen dutela, Iranek hala eskatuta, su etena mantentzeko Libanon. Trumpek, bere aldetik, Truth Social sarean esan du elkarrizketak etetea “berdin” zaiola, horrek ez lukeela Iranen aurkako gerraren su etena baldintzatuko. Presidentearen arabera, elkarrizketek “abiadura azkarrean” jarraitzen dute.

Netanyahuk X sare sozialean erantzun dio Trumpen mezuari: “Israelgo armadak jarraitu egingo du Libanoko hegoaldean planeatu bezala”. Lehen ministroak adierazi du, Trumpekin hitz egin eta gero, Libano erasotzen jarraituko duela Hezbollahk erasoak gelditu ezean. Astelehenean bertan iragarri du Beirut iparraldea bonbardatzeko erabakia eta agindu du armadak Dahye auzoa ebakuatzea. Hori iragarri eta beranduago, Hezbollahk jakinarazi du Israel iparraldea bonbardatu duela.

AEBek esandakoari entzungor

AEBek bultzatuta, apirilaren 16an adostu zuten Israelek eta Libanok tregoa. Ordea, ordutik Israelek egunero hautsi ditu Libanoko eta Gazako su etenak, okupazioarekin jarraitzen duen bitartean. Otsailaren 28an areagotu zen Israelen eta Hezbollharen arteko gatazka, AEBek eta Israelek Iran erasotzen hasi eta milizia xiita Iranen defentsan atera zenean.

Erregimen sionistak martxoaren 2an ofentsiba militarra indartu zuenetik, gutxienez 3.433 pertsona hil ditu Libanon. Maiatzaren 15ean adostu zuten 45 egunerako su etena Libanon, baina Israelek erasotzen jarraitu du, “iparraldeko herritarren segurtasuna bermatzeko". Trumpek ez du ezer esan horri buruz.


Irakurri gehiago: Libano Nazioartea Asia
Libano kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.