AEBetako guda-ontzi bat jo dute bi misilek, Iranek baieztatu duenez; AEBek ezetz diote

  • Bi misilek AEBetako fragata bat jo dute Ormuzeko itsasartean, Irango itsas armadak geratzeko eginiko eskaerari entzungor egiteagatik, Irango telebista publikoak jakinarazi eta Al Jazeerak jaso duenez. AEBek, berriz, diote, ez dela halakorik gertatu. Hego Korea ikertzen ari da ea bere ontzietako bati ere eraso egin dioten. Astelehenetik hasita itsasartean blokeatuta dauden atzerriko ontziak eskoltatzeko asmoa iragarria zuten AEBek. Horretarako, misil gidatuak, lehorreko eta itsasoko 100 aireontzi baino gehiago eta 15.000 soldadu inguru mobilizatuko dituztela adierazi dute. Iranek adierazia zuen operazio militarrak su etena urratu eta tentsioa areagotuko zukeela.


2026ko maiatzaren 4an - 11:21
Azken eguneraketa: 16:52
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Trumpek iragarri du asteburuan Ormuzko itsasartean blokeatuta dauden itsasontzi atzerritarrak eskoltatzeko operazioa abiatuko dutela AEBek astelehenean, ontzi horiek itsasartea gurutzatu dezaten. AEBek adierazi dute itsasartean blokeatuta geratu diren ontzien herrialdeen eskaerari erantzunez hartu dutela erabakia, “ekimen humanitario” gisa . Are, misioari “askatasun proiektua” deitu dio Trumpek. Bere sare sozialetan zabaldu duenez, "Itsasontzien mugimenduaren helburu bakarra da ezer txarrik egin ez duten eta egoeraren biktima diren pertsonak, enpresak eta herrialdeak askatzea". Agintari estatubatuarrak ohartarazi duenez, AEBk ontziak eskoltatzeko egiten dituen ahaleginak oztopatzen badira, "irmo erantzun beharko da". Hala, AEBek bake akordio posible baten bidean posizioak hurbildu beharrean, urrats bat gehiago eman du bere interesei begira.

Trumpen iragarpenetik denbora gutxira AEBko Komando Zentralak (Centcom) presidentearen mezua berretsi du  komunikatu bidez. Diotenez, “nazioarteko merkataritzaren funtsezko korridore horretan askatasunez ibiltzea bilatzen duten merkataritza-ontziei laguntzeko” abiatuko dute misioa. “Askatasun” misio hori, baina, armaz lepo dator. Aurreikusten baititu misil gidatuak, lehorreko eta itsasoko 100 aireontzi baino gehiago eta 15.000 soldadu inguru.

AEBen ezezkoa Iranen proposamenari

Bien bitartean, Washingtonek publikoki ezezkoa eman dio Iranek AEBei igorritako hamalau puntuko bake proposamenari, “onartezina” dela iritzita. Planak bilatzen du gatazka etetea eta Ormuzko itsasartea 30 eguneko epean berriro irekitzea. Programa nuklearrari buruzko negoziazioak, baina, hurrengo fase batean aurreikusten ditu.

Ontziak eskoltatzeko AEBen iragarpenaren aurrean, Iranek adierazi du su etena urratu eta tentsioa areagotu dezakeela, eta itsasartearen burujabetza aldarrikatu du berriz ere. Ebrahim Azizi, Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionaleko Batzordeko arduradunak sare sozialetan zabaldu du Ormuzeko itsasartea eta Persiako Golkoa ez dituztela kudeatuko Trumpen “esames deliranteek".

Mundu zabaleko hainbat analista eta hedabide bat datoz gauza batean: Trump kezkatuta dagoe erregaien prezioen igoerarekin, horrek dakarren bizitzaren garestitzearekin eta jendartearen babes galerarekin. Norabide horretan, kosta ala kosta pasatu arazi nahi ditu ontziak blokeatuta dagoen itsasartetik. Hala ere, Al Jazeerak astelehen goizean zabaldu duenez, petrolioaren prezioek ez dute behera egin.

Bestalde, Trumpek jarraitzen du bere alde lerratzen diren herrialdeak saritzen, eta egiten ez dutenak zigortzen. Alde batetik, iragarri du laguntza militar handiagoa emango diela Israel, Bahrein, Kuwait, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuei: 25.000 milioi dolar armetan. Bestetik, bazkide europarrentzat zigorrak iragarri ditu. Alemanian dituen soldaduetatik 5.000 erretiratuko dituzte AEBek, Pentagonoak jakinarazi duenez. Gainera, Europako auto eta kamioiei %25eko muga zergak ezarriko dizkietela iragarri dute AEBek. Friedrich Mertz kantzilerrak garrantzia kendu dio gaiari, aliantza atlantikoa goraipatu eta AEBekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna agertu du.


Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.