Trumpek eta NATOk Groenlandiarako aurreakordioa sinatu dute: inbasio militarrik ez baina botere gehiago AEBentzat

  • Groenlandian base militarrak jarriko dituzte AEBek, eta beren lurralde gisa aldarrikatu. Era berean, otsailaren 1etik aurrera Groenlandiara soldaduak bidali dituzten herrialdeei ezartzekoak ziren muga zergak bertan behera geratu dira. Artikorako etorkizuneko akordio baterako oinarriak ezarri dituztela jakinarazi dute.


2026ko urtarrilaren 22an - 10:33
Azken eguneraketa: 2026-01-23 10:16
Getty Images
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Izotz masa handia”, Groenlandia, bere eskutan hartzeko indarra erabiltzeari uko egin dio Donald Trump AEBetako presidenteak, horixe jakinarazi du asteazkenean Davoseko (Suitza) Foro Ekonomikoan. Mark Rutte NATOko idazkari orokorrarekin izandako bileraren ostean erabaki du, era berean, ez duela muga zergarik ezarriko Groenlandiara soldaduak bidali dituzten NATOko zortzi estatuen aurka –Danimarka, Finlandia, Frantzia, Alemania, Herbehereak, Noruega, Suedia eta Erresuma Batua–; Groenlandiarako, eta are, Artiko osorako etorkizuneko akordio baten oinarriak sinatu baitituzte bi agintariek.

Nahiko balu, uhartea inbaditu ahalko luke; horixe dio Trumpek. Baina ez du nahi. “Ez dut nahi indarra erabili. Ez dut indarrik erabiliko. Bakarrik izotz zati bat nahi dut”, adierazi du presidenteak. Baina hitz horiek tranpa dute ezkutuan, indarra erabilli, erabiliko duelako. The Telegraph agerkariak kaleratu duenaren arabera, bi agintariek sinatutako aurreakordioak baditu oinarri militarrak: AEBek Groenlandiako zenbait eremu militarki kontrolatuko dituzte, eta lurralde horiek AEBetako lurralde subirano izango dira. AEBek dagoeneko badituzte base militarrak uhartean, ordea, “operazioetarako askatasun osoarekin”. Orain sinatutako aurreakordioak kutsu ekonomikoa ere badu, operazio militarrak egiteko aukeraz gain, mineralen ustiaketarako aukera ere zabaldu baitzaie AEBei, lur arraroetan aberatsa baita uhartea.

Alegia, aurreakordioak bidea ireki die AEBei interbentzio militar agerikorik barik uhartearen kontrol estrategikoa bereganatzeko. Eta Urrezko Kupula delakorako ere bidea irekiko duela ondorioztatu dute zenbait adituk: Trumpek AEBetako “segurtasun nazionalerako” eraiki nahi duen misilen defensa sistemarako, alegia. Sistema hori Groenlandian eraiki nahi du, Errusiatik, Txinatik edo Ipar Koreatik, alegia, AEBen “etsai” diren herrialdeetatik heldu daitezkeen misilengandik babesteko.

Rutterekin izandako hizketaldiaren bigarren ondorioa izan da ez duela bere hizkeran jada ohiko bihurtu den armarik erabiliko, muga zergarik, alegia. Hitz emana zuen NATOn bere inbasioa geldiarazteko mugiarazi ziren herrialdeen aurkako neurriak hartuko zituela, muga zergak %10etik gora igota. Neurri hori atzera bota du, Truth Social bere sare sozialean jakinarazi duenaren arabera. Erabakia Rutterekin izandako bileraren ondorioz izan den ez dago jakiterik; The New York Times agerkariak jakinarazi baitu burtsa beherakadan sartzen hasia zela Europako Batasunaren eta AEBen arteko tentsioen gorakadaren aurrean. Eta adierazi du beherakada hori izan dela muga zergak kentzearen arrazoia, zenbait adituk azaldu baitute horrela jarraituz gero AEBetako ekonomian eragina izango lukeela.

Erabakia, txalotua

Ozeano Atlantikoaren bi aldeak dardara nabarmenean sartuta zeuden Groenlandiaren afera mahai gainean zegoenetik. Tentsioen apaltzea, beraz, albiste ona izan da herrialde ez gutxirentzat. Ruttek berak bilera “emankorra” izan dela jakinarazi du, eta adierazi du Trump “oso zentratuta” dagoela Artikoko eskualde “erraldoi” hori “babesteko”. Dena den, prentsa aurrean jakinarazi du Groenlandiaren subiranotasuna ez dela eztabaidagai izan euren bileran. Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen-ek berretsi egin du Rutteren bertsioa, baina gehitu du bakarrik Danimarkak eta Groenlandiak hartu ditzaketela beraiei dagozkien erabakiak.

Edonola ere, Artikoko segurtasuna mantentzen jarraitzeko elkarlana bultzatzearen alde agertu da Frederiksen: “Artikoko segurtasuna NATO osoaren ardura da. Horregatik da ona eta naturala NATOko idazkari orokorraren eta AEBetako presidentearen artean horixe eztabaidatzea”. Artikoko segurtasunaz ari direnean geopolitikaz ari dira, NATOko herrialdeek bertan duten presentziaz. Honela azaldu du Ruttek: “Artikoan aldaketak ari dira gertatzen gaur egun eta Txinak eta Errusiak gero eta paper aktiboagoa dute”.

Kanada ere, AEBen eta Groenlandiaren beste bizilaguna, mintzatu da akordioaren inguruan, eta horrekin “asebeteta” dagoela adierazi du lehen ministro Mark Carney-k. Kanada eskualdearen “defentsan” parte hartzeko prest dagoela baieztatu du Carneyk.


NATO kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.