AEBek eta Iranek 45 eguneko bake proposamenari muzin egin diote, eta biek beren baldintzekin temati jarraitzen dute. Trumpek beste 24 orduz –asteazken goizeko 2:00ak arte– atzeratu du Irani jaurtitako ultimatuma, eta adierazi du oraingoan “atzeraezina” dela. Gainera, mehatxu egin du: “Iran oso-osorik suntsitu dezakegu gau bakarrean, eta baliteke bihar gauean bertan suntsitzea”. Iranek dio ez duela inolako negoziaziorik egingo Trumpen mehatxupean, eta Ormuzko itsasartea ez dela berriro berdina izango AEB eta Israelentzat. Bitartean erasoek ez dute etenik.
AEBek eta Israelek Iran bonbardatu ostean piztu zen gerrak korapilatuta dirau. Donald Trumpek epemuga jarri zion Irani AEBek ondutako bake akordio proposamena onartu zezan. Orain, hirugarrenez atzeratu du epea, beste 24 orduz, eta Trumpen hitzetan "atzeraezina" izango da. Alegia, Euskal Herrian asteazkeneko goizaldeko ordu biak aldera direnerako Iranek baldintzak onartu ez baditu, “herrialdea gau bakarrean oso-osorik suntsitu” dezaketela adierazi du AEBetako presidenteak. Hala, bakea ez dirudi oso gertu dagoenik. Gerran murgilduta dauden aktoreek gutxienez hiru bake akordio proposamen dituzte eztabaidagai momentuotan. Lehena, AEBek ondua, bestea, Iranek, eta hirugarrena Turkiako, Pakistango eta Egiptoko bitartekariek.
Axios hedabidearen arabera, Pakistanek helarazitako 45 eguneko su eten bat negoziatzen ari dira AEBetako eta Irango ordezkariak, Ekialde Hurbileko zenbait bitartekarirekin batera. Plan horrek bi fase aurreikusten ditu. Lehenak 45 eguneko su etena ezartzea du helburu, eta egun horietan gerrari amaiera emateko negoziazioak abiatzea. Bigarren faseak, berriz, gerrari amaiera emateko akordio bat lortzea du helburu. Hala ere, ez AEBek ez Iranek ez dirudi oso begiko dutenik proposamen hori, eta biek temati jarraitzen dute beren baldintzekin.
Etxe Zuriak garrantzia kendu dio 45 eguneko plan horri, eta argitu du “eztabaidatzen ari direnetako proposamen bat” besterik ez dela, eta Iranen esku dagoela gerra amaitzea. Horretarako, AEBen baldintzak onartu beharko lituzke, tartean, Ormuzko itsasartea irekitzea. Bestela, “infernua”. Hala adierazi zuen duela bi aste Trump berak. Orain, esan du Iranek baldintza horiek onartzeko epemuga berria “atzeraezina” dela, eta mehatxu egin du: “Herrialdea oso-osorik suntsitu dezakegu gau bakarrean, eta baliteke bihar gauean bertan suntsitzea”. Hala ere, Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak adierazi du Iranek ez duela inolako negoziaziorik egingo Trumpen mehatxupean: “Negoziazioa ez da inola ere bateragarria ultimatumekin, krimenekin eta mehatxuekin”.
Iranek ere, AEBen proposamenari erantzunez, badu hamar puntuko proposamen bat gerra amaitzeko, bertako hedabideek zabaldu dutenez. Ondu dituzten hamar puntuen artean daude, besteak beste, eskualdeko liskarra amaitzea, orain arte ezarritako zigorrak baliogabetzea, suntsitutako eraikinak eta instalazioak konpontzea eta Ormuzko itsasartea modu seguruan igarotzeko protokolo bat osatzea.
Korapilo handiena Ormuzeko itsasartea da. Trumpen hitzetan, astearteko epemuga baino lehen erabat irekitzen ez bada, Irango zentral elektrikoak eta zubiak "erabat eraitsi" egingo dituztela ohartarazi zuen. Iranek, baina, esan du Ormuzko itsasartea ez dela berrio berdina izango AEB eta Israelentzat.
Bake proposamenen artean, erasoak nonahi
Ultimatuma indarrean dagoen bitartean, AEBk eta Israelek Irani eraso egin diote astearte honetan, Irango Ilargi Gorriak jakitera eman duenez. Gainera, Israelgo defentsa indarrek adierazi dute Iranek Teheranen eta beste zonalde batzuetan duen azpiegiturari kalte egiteko “aire erasoen uholdea" egin dutela. Besteak beste, Irango instalazio petrokimiko nagusiari eraso egin diote, eta Israelen arabera, "gaitasunik gabe" utzi dute. Ordu batzuk geroago, Iranek salatu du Israelek eta AEBek Marvdaxteko instalazio petrokimikoari ere egin diotela eraso. Horrez gain, Israelgo armadak Irango Guardia Iraultzaileko zerbitzu sekretuetako buru Majid Khademi hil du. Bestalde, Iranek Pertsiako Golkoko herrialdeetako azpiegitura energetikoei eraso egin die.