Trumpek amaitutzat eman du Iranekin zuen su etena

  • AEBetako presidentearen ohartarazpenarekin, eten egin dira ekainean sinatutako memoranduma eta Teheran eta Washingtonen arteko negoziazioak. AEBek gogor bonbardatu dute Iran, horri leporatuta Ormuzko itsasartean zeuden petrolio ontziei eraso egin diela. Iranek Kuwaiteko eta Bahraingo base estatubatuarrak bonbardatu ditu, horren aurrean.

Donald Trump AEBetako presidentea Ankaran, NATOko goi-bileran. Al Jazeera

2026ko uztailaren 8an - 10:47
Azken eguneraketa: 13:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tenkatuta eta balantzaka zegoen soka puskatu da. AEBetako presidente Donald Trumpek adierazi du su etena amaitu eta Iranekin negoziatzeari utzi nahi diola, argudiatuta "denbora galtzea" dela eta Iran "zaborra" dela. Ekainaren 17an memoranduma sinatu zuten eta gaurdaino negoziazioetan ari ziren Washington eta Teheran. Trumpek Ankaran prentsaurreko batean eman du albistearen berri, egun hauetan Turkiako hiriburuan egiten ari diren NATOko buruzagien goi-bileran.

"Zaborra dira", "Gaixorik daude, bortitzak eta gaiztoak dira". Hala hitz egin du Trumpek irandarrei buruz. "Arma nuklear bat izango balute, erabili egingo lukete", gaineratu du. Hori esanda, bukatutzat eman du su etena eta ekainean sinatutako memoranduma. Dena den, adierazi du negoziazioek jarraitzeko aukera dagoela.

Al Jazeerak jakinarazi duenez, Iranek AEBei leporatu die memoranduma "sistematikoki" hautsi dutela, eta Irango armadak ohartarazi du estatubatuarren alde egiten duen edonor "zilegizko helburua" izango dela.

Petrolioa saltzea ukatuta

AEBetako presidentearen ohartarazpena azken orduetako tentsioaren leherketa da. Bi aldeek erasoak egin dituzte azken egunetan. Asteartean Trumpek atzera bota du pasa den ekainaren 21ean adostutako lizentzia, zeinak Irani baimentzen zion petrolioa saltzea.

AEBetako iturriek Reuters albiste agentziari azaldu diote baimena atzera bota dutela, ustez Iranek Ormuzko itsasartean zeuden petrolio ontzi batzuen aurka misilak jaurti dituelako. AEBetako Komando Zentralak sare sozialetan ziurtatu du estatubatuarrek Iranen aurkako "eraso bortitzak" egin dituztela, Iranen erasoa "ez dagoelako argudiatuta, arriskutsua delako eta argi eta garbi su etenaren urraketa delako". Irango iturriek adierazi dute pertsona bat hil dela erasoetan.

NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek AEBen bonbardaketa defendatu du Ankaratik, argudiatuta "guztiz beharrezkoa" zela. "Su eten bat duzuenean eta Iranek hura urratzen duenean, uste dut guztiz beharrezkoa dela AEBek indarrez erantzutea", esan du.

Teheranek ez du ezer esan leporatutako erasoei buruz. Ordea, AEBen azken erasoen aurrean, Iranek Bahrain eta Kuwaiteko 85 base estatubatuar bonbardatu ditu, Irango Guardia Iraultzailek jakinarazi duenez. Kuwaiteko Kanpo Harremanen Ministerioak erasoak gaitzetsi ditu. 

AEBek Irani petrolioa saltzea debeku diotenetik, petrolioaren prezioa %6 garestitu da. Paper garrantzitsua du itsasarteak ekonomian, munduko petrolioaren %20 inguru igarotzen baita bertatik.

AEBen eta Iranen arteko negoziazioak, ezerezean

Ormuzko itsasartearen papera funtsezkoa da Iranen eta AEBen negoziazioetan. Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iran bonbardatu zuten, Iranek arma nuklearrak zituelakoan, nahiz eta Teheranek hori gezurtatu. Ordutik gerran zeuden bi herrialdeak, eta Iranek Ormuzko itsasartea itxia zuen.

Ekainaren 18an memoradunduma sinatu eta negoziatzen hasiko zirela iragarri zuten. Hamalau puntu zituen hitzarmenak, eta horietako bat zen Iranek itsasartea irekiko zuela eta 60 egunean adostasun batera iritsiko zirela bi herrialdeak. Trumpek su etena hautsita, jakiteke dago zer gertatuko den hemendik aurrera, eta ea negoziaketei berrekingo dieten.

 


Iran kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...