Trump eta Xi aurrez aurre: adimen artifiziala mahai gainean, diesela azpian

Donald Trump eta Xi Jinping Etxe Zurian elkartuko dira. AEBetako Etxe Zuria

2026ko irailaren 22an - 08:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2020an ezin izan zuena lortuko du Trumpek bihar-etzi: Etxe Zurian Xi Jinpingi harrera egitea. Orduan –jada Wuhanen abian zen pandemiak mundua belaunikarazteko egunak baino falta ez zirenean–, bere lehen agintaldia agortzen ari zen presidente egoskorrak, berak abiarazitako merkataritza-gerran su-etena hitzartzeko, Liu He lehen ministrorde irribarretsuaren sinadurarekin konformatu behar izan zuen. “Oso negoziatzaile gogorrak dira”, zioen Trumpek.

Gai-zerrenda luze-zabala izango dute oraingoan ere mahai gainean munduko bi agintari ahaltsuenek. Baina, solasaz harago, ikusi egin beharko da zer geratzen den irmo hitzartuta. Eta sinatzen den horretatik, zer betetzen den. Aurrekariek ez baitute itxaropena hobesten: 2022ko azaroan Balin, eta handik urtebetera Kalifornian, Biden eta Xik izandako elkarrizketek ez zuten apenas fruitutik eman eta haien oroitzapena ere galdu egin da kasik. Trumpek ere, bere bigarren agintaldian, bi aurrez aurreko badaramatza Xirekin baina aurtengo maiatzean Beijingera egin zuen bisitaldi arranditsuaren emaitzak ikuskizun daude oraindik.

Oraingoan, mundu guztiak ziurtzat ematen du Etxe Zuriko mahai gainean hizketa-gai izango dela adimen artifizialaren garabidea. Baina hitz egiteaz harago, zer? Guztiz asimetrikoa baita herrialde bakoitzak gai horren inguruan duen buruhaustea.

AAren inguruko “estrategia-gerra zibil” bat pairatzen ari da Trump etxean, moratoria moduko zerbait eskatzen duten enpresaburuen (Amodei, Altman, Musk) eta orain arteko bideari eutsi eta aurrera egitea hobesten dutenen artean (J. Huang, Meta, eta abar). Etorkizunari buruz entzun diren gaztigu ikaragarrien gibelean, enpresa erraldoi bakoitzak etorkizunean negozio-bide emankorrena (edo arrisku larriena) zein izango lukeen dela koska antzematen da urrutitik.

Presidenteak bere hautua egin bide du bigarrenen alde, baina arrakalak administrazioa ere aldebanatu du jada. Txina menderatu egin behar dela dirudi asmo erkide samar bakarra. Ezingo zaio hartarako laguntza eskatu Xiri.

Honek, aldiz, nahiko argi dauka AAri buruzko bere estrategia jada: kode irekiko ereduak, aginte politikoaren zaintza zorrotzarekin uztartuta, “mundu osoaren mesederako”. Eta, gehienera, AA hutsez arituko liratekeen armen debekua nazioartean, batez ere arma nuklearrak direnean. Betearazpena izango litzateke kontua, jakina, beste batzuetan bezala.

AAk hizketa-gaia, bai, baina gehiagorik emango ez badu ere Trump-Xi bilkuran, oso litekeena da haren ifrentzua izatea dieselarena. Alegia, ahapeka baino aipatuko ez den arren, praktikan, mamitsuena izatea. Ormuzko itsasartea itxi izanaren ondorio nahasgarrienetako bat izan baita, erregaien munduan hark ere izan duen asimetria, munduko erregai kontsumitzaile handiena –baina, baita fintzaile eta diesel-ekoizle handiena ere– den Txinaren ahalmen eta jokaera guztiz bereziaren ondorioz.

Baina krisia luzatu ahala, estutasunak areagotzen ari dira. Eta ez dira makalenak dieselaren garestitzeak Amerikako Estatu Batuetan, azaroko midterm (legealdi erdiko) hauteskundeen atarian sortzen dituen ondorio politikoak.

Horretan bai esku bat bota diezaiokeela Xik Trumpi. Ez doan, noski.


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.