argia.eus
INPRIMATU
Trumonira eta apaizaren lizarra
  • Hemen da urte guztiko marraka. Urteari geratzen zaion erdia eguna moztu eta moztu izango dugu. Esaerak dio "San Joan larraka, urte guziko marraka". Damaso Intzak jaso eta Iruñean 1974an argitaratu zuen Naparroako Euskal Esaera Zarrak liburuan honela argitzen du: "San Juan larraka esaten da sanjuanetan eguraldi txarra dagonean, illun, otz samar, ez euri ta ez ateri, gari asko oraindik burutu gabe, kanpoko guzia oso atzeratua". Aurten izan da ba larraka, eta baita marraka ere, hau da, hodei-marraka edo trumoi-hotsa.

Jakoba Errekondo 2023ko uztailaren 05a
Ainara Riveras Irustak ateratako argazkia, Mallabiko Goitako San Joan jaietan.

Trumoi-hotsaren marraka urte guztirako etorri bada, trumoi-ira edo trumonira (Osmunda regalis) ira edo garoaren premia izango dugu. Ispastergo Xabier Laka Arrizubietak ederki gogorarazi digu berak dioen eran trumoi-idaren argazkia sarean zabalduz. Doniane-ira, Jondoni Joane-iratzea, sanjuan-iratze, sanjuan-garoa eta sanjuan-ira ere esaten zaio eta ekaitzetik babesteko doniene egunean bedeinkatu behar da, eta Azkuek, apaiz katoliko izaki, honela argitzen digu nola erabili: “Ereiñotza ta trumonirea, orduko bedeinkatuta, teilla-ganean atarian erre oi dira trumoi-egunetan: urtean enparetan direanak doniane-bezperan erreten doguz”. Ereinotza edo erramua Laurus nobilis da.

Atari baratze, soro, sagasti, belaze eta abar babesteko, garoaz gain lore sortak jartzeko ohitura ere bada, sanjoan sortak. Etxe eta eskualde bakoitzean sorta osatzeko lore aukeraketa berezia da. Sendabelarrak, errituetan erabiltzen direnak, xurienak, sasoi honetan loraldi bikainena dutenak, bakoitzak bereak.

Sortetan loreez gain belarrak ere izaten dira, baita hostoak ere. Oso gutxitan baina sortaren oinean landareen lurreko buruak ere ikusi izan ditut; oraintxe jasotzeko moduan dauden baratxuria (Allium sativum) eta tipula (Allium cepa) adibidez. Ikusi Ainara Riveras Irustaren argazkia, Mallabiko Goitako San Joan jaietakoa.

Oso aberatsa da udako solstizioaren inguruko landareen gurtza, eta zaharra; amaren ama naturaren gurtza, ez galbidera beste inora ez garamatzaten beste gurtza horiek bezala, diruarena, jainkoena… Landareek behinik eusten gaituzte, haiek gabe ez ginateke.

Landareen gurtzea eta agur ona kontu zaharra izango da, bedeinkazioaren beharra gero etorriko zen; behartutako beharra, sekta hagintariaren eginbeharra. Ohikoa da atarietan lizar arbak jartzea (Fraxinus excelsior); eta ederki dakigu lizarra dela sektaren bedeinkaziorik behar ez duen landare bakanetakoa, berez da bedeinkatua. Horregatik izango dugu gure artean, elorri zuriarekin batera (Crataegus monogyna), zuhaitzik babesleena.

Gure herriko sekta katolikoko apaizak ere badu, agidanean, horren berri, apaizetxeko atarian lizar adarrak jarri baititu.