Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Trebiñuko hainbat familia eta herritar kezkatuta agertu dira lurraldean euskaraz ikasi eta irakasteko izaten ari diren oztopoengatik. Haur eskolako euskarazko lerroa arriskuan dagoela ohartarazi dute, eta oroitarazi dute, Europak hala ezarrita, euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzea erakundeen betebeharra dela, kasu honetan Gaztela eta Leongo Gobernuarena
Argantzonen astelehenean egindako agerraldian, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Trebiñuko herritarrek Gaztela eta Leongo administraziori gogorarazi diote bere betebeharra dela euskaraz ikasi eta irakasteko eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
Kezkatuta agertu dira lurraldean euskaraz irakatsi ahal izateko administrazioaren partetik izaten ari den trabekin, eta horren adierazgarri da haur eskolako euskarazko lerroa –Trebiñun euskaraz ematen den bakarra– arriskuan dagoela, eskumena Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sailak hartu ondoren.
"Printzipioz lerroa mantentzen den arren, ez dakigu etorkizunean nola eragin diezaiokeen honek guztiak haur eskolako euskararen irakaskuntzari", azaldu du June Astegietak herritarren izenean. Eskola publikoan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik eta, aldiz, ikastola "ezin izan da Trebiñun errotu horretarako baldintzarik ez zutelako ezartzen".
Europako Kontseiluak hainba gomendio eman zizkio Espainiako Gobernuari, gutun hori betetze aldera, besteren artean argitzea euskararen egoera Gaztela eta Leongo erkidegoan
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, bere aldetik, gogorarazi du Espainiako Gobernuak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna duela sinaturik, "beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete beharko lituzkete". Bere esanetan, printzipio horren arabera gobernuak "betebeharra" dauka euskararen irakaskuntza sustatu eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Europako Kontseiluak hainbat gomendio eman zizkion Espainiako Gobernuari, gutun hori betetze aldera, besteren artean argitzea zein den euskararen egoera Gaztela eta Leongo erkidegoan, eta Trebiñuko udalarekin eta erkidegoarekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko plan bat osatzea.
Aitzitik, 2021ean epaitegiek baliogabetu egin zituzten lurraldean indarrean zeuden euskara planak, Gaztela eta Leonen hizkuntza ez dela ofiziala aitzaki bezala erabilita.
Hartutako konpromisoak bete, euskara sustatzeko ekimenak bultzatu eta haur eskolan euskara irakasteko "behar diren baliabide pertsonal zein material guztiak" bermatu ditzala eskatu diete administrazioei.