Trebiñu Arabaren parte izateko galdeketa egitea “juridikoki posible” dela onartu du Espainiako Gobernuak

  • Trebiñu Araban integratzeko herritarrei galdeketa egiteko aukeren inguruan galdetu du asteazkenean EAJko diputatu Mikel Legardak. Ángel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoaren ministroak adierazi du legeztatutako “pauso guztiak” jarraitu behar direla. Urratsen artean leudeke Burgoseko Diputazioa eta Gaztela eta Leongo Junta galdeketa egitearen alde azaltzea; orain arte gaiaren inguruan ezkor azaldu dira. Lurralde honetako PSOEko goi kargu batek, berehala adierazi du, guztiz aurka daudela.

Trebiñuko euskaltzaleak azken Korrikan, edizioa beren herritik pasa zenean. Korrika

2026ko maiatzaren 21ean - 13:22
Azken eguneraketa: 16:41
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Trebiñuren inguruko eztabaidak berriro ere bere lekua hartu du asteazkenean Espainiako Senatuan. Ángel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroak baizkoa eman dio Diputatuen Kongresuan Mikel Legarda EAJko Arabako diputatuak egin dioen eskaerari. Ministroak Trebiñuko herritarrei Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean egoteko nahiaren inguruko galdeketa egitea “juridikoki posible” dela jakinarazi du, Berriak jaso duenez. Hain zuzen ere, 1833an egindako banaketa probintzialaren ondorioz, Trebiñu Arabako lurraldeek inguratzen duten arren, legez Burgoseko (Gaztela eta Leon) arauek zuzentzen dute. Ondorioen artean, egoerak zerbitzu publikoetarako "sarbide berdintasuna” oztopatzen duela salatu izan dute bertako herritarrek.

Galdeketa aurrera ateratzeko, “legeak eskatzen dituen pauso guztiak” jarraitu beharko direla zehaztu du ministroak. Urrats horien baitan, Burgoseko Diputazioa eta Gaztela eta Leongo Junta baikor azaldu beharko lirateke Trebiñu Araba bilakatzearekin eta aldeko txosten bat osatu beharko lukete. Hala ere, orain arte galdeketa egitearen eta eskualdea ofizialki Arabaren parte izatearen aurka azaldu dira, eta iritzia aldatu ezean ministroak argitu du ez dela galdeketarik gauzatuko.

Horren baitan, ondorengoa nabarmendu du: “Udalerri bat Autonomia Erkidego batean sartzeko, beharrezkoa da beste batetik ateratzea”, Naizek jaso duenez. Gainera, “egoeraren singulartasuna” eta egoeraren atzean “historikoki zehaztutako arrazoiak” daudela azpimarratu du. Legarda ez da erabat baikor azaldu Torresek emandako erantzun “nahasiarekin” eta erabakia ahal den azkarren trebiñarrengan egon dadin eskatu dio.

Hain zuzen ere, ez da lehen aldia eskualdeko herritarrek egoeraren inguruko eskakizunak luzatzen dituztena edo alderdi politikoek esku hartu dutena. Azkenekoz, duela hilabete helarazi zioten Gaztela eta Leongo Gobernuari euskara ikasteko beharra, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren babesarekin.

Gaztela eta Leongo PSOE guztiz aurka

Gaztela eta Leongo PSOEko Antolakuntza idazkari eta Burgosko Gorte autonomikoetako prokuradore Daniel de la Rosak adierazi du "Trebiñu Burgos dela eta hala izaten jarraituko duela". Esan du euskal lurralde hau Arabarekin anexionatzeko aukerari buruz ez dela erabakirik hartuko, Gaztela eta Leonen eta Burgosko probintziaren irizpidearen kontra.

Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuan araututako prozedura bat dagoela gogorarazi du, “bete beharrekoa”, eta PSOEk beti probintziaren batasuna bermatuko duela.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.