Traumaren tramak

  • Euskal gatazka literaturan. Urterik urtera gero eta esanguratsuagoak dira euskal gatazka islatzen duten euskal idazleen lan anitzak.


2016ko otsailaren 17an - 10:25
Ilustrazioa: Joseba Larratxe.

2011ko urriaren 20an iragarri zuen ETAk su-etena. Batzuentzat, orduan, bake garaiak zabaldu ziren, besteentzat zartagailuak eta hilketak gelditu arren, arazoek berean zirauten, gehiengoa laurogeiko hamarkadatik hona, Yoyesen hilketa (1986) mugarri, sumendiaren bihotzetik aldendu zelarik eguneroko pazifikoagoak amets.

Literaturari dagokionez borroka armatua gutxi aipatu omen da. Alta, Arestiren poesigintzatik beretik, tematikak zeharkatu du euskarazko ekoizpena, obra distiratsuak sortuz gainera: Ehun metro liburua (1976) eta filma (1986, Alfonso Ungria), Gizona bere bakardadean (1993) eta Exkixu (2000) baizik ez herrokatzeko. Garai hitseko tramek, traumek, dramek zipriztintzen dute Saizarbitoriaren langintza osoa.

Orokorki, fikzioaren hegal pean, euskaldunon ezpondatik, ez da oraindik bost hamarkadako berunezko txapa galdekatzen, piztia bere baitan handitzen uzteagatik herriaren ardura ikertzen, hainbat denboraz etsaia deituarenganako begirunerik hedatzen, bestearen dolorea ulertze-idazte aldera

Hiru eleberrietan idazleen gudariekiko ikusmoldea aldatu zen: itxura, baikortasunetik ezkortasunera pasatu zen. Hargatik, Txillardegik Exkixu mitifikatu zuen, 1977ko trantsizio kalapitatsuaren aitzineko ETA kideak idealizatuz. Nobela atera zenean, gudariak jadanik jendeen artean, terroristak deitzen ziren, ahapez edo publikoki, bizitzak arriskuan jarriz.

Abertzale lehorretako idazleek, egia, ez zuten gaia anitz eta zuzenki jorratu. Anti-euskaldun izaera leporatuko zitzaiela herabe zitezkeen, espainolismo aitzakian, Aresti baztertua suertatu zen eran. Zinearen aldean, literatura agian ez zen baliabiderik egokiena errealitatearen azaltzeko. Baina Sarrionandia batek “poesia hilda dago” aldarrikatu eta olerkietan, saiakeretan eta nobeletan, naufragoaren eta itsasoaren metaforen azpian gorderik, gudarien xedea eta Herriaren etorkizuna uztartzen zituen.

Berandu arte, idazle izendunez aparte, nehork ez zuen ezker abertzalegoaren doxa nagusiaren norabidea larriki zalantzan eman. Egunkarietako kritikariak harritzen ziren, noizean behin erakundearen aurkako biolentzia islatzen zuten idazkiekin, euskal sozietatearen itzalak paperean etzanak ikustearekin, urrunegi zihoazen eta abertzale kontzientzia suharrik ez zuten sasi-izkiriatzaileekin.

2011ko urriaren 20az geroztik mihiak askatu direla dirudi. Idazle abertzaleak ere ausartu ziren alorra jorratzera, erakunde armatuaren inguruko gertakariak, Lasa eta Zabalaren desagertzea adibidez, fikziora eramanez, hala nola Harkaitz Canoren Twist (2011) edo Xabier Montoiaren Azken afaria (2013), biek tortura zeukatela ardatz. Baina Uxue Apaolazaren Mea culpa (2011) nobelako hondar kapitulu antologikoan zetzan ETAren salatzeko doinu  hain bortitzik ez genuen askotan irakurri.

Hilotzari ostikoz tematzea debalde izanki eta gudako ikurrak birziklatzen dabiltza idazle franko, bereziki nobela beltzaren baheak baliatuz: Jon Alonsoren Zintzoen saldoan (2012) eta Alberto Ladron Arana Piztiaren begiak (2012) lanetan ETA kide ohiak pertsonaia gisa agertzen dira egoera nahasien mineko korapiloak libratzeko. Ipar Irlandan halaber egiten du Sam Millar behiala  IRAkoak, bere eleberri hiper-zakarretan.

Orokorki, fikzioaren hegal pean, euskaldunon ezpondatik, ez da oraindik bost hamarkadako berunezko txapa galdekatzen, piztia bere baitan handitzen uzteagatik herriaren ardura ikertzen, hainbat denboraz etsaia deituarenganako begirunerik hedatzen, bestearen dolorea ulertze-idazte aldera. Unai Elorriagak Iazko hezurrak (2014) kaleidoskopiokoan bortizkeria motak eta garai ezberdinak gurutzatuz, gogoeta antzeko bat abiatu zuen. Alderantziz, anakronismoa engoitik, Mikel Antzaren Atzerri (2012) ipuin eta Ametsak ere zain (2015) olerki bildumek “sekula ez gara errendituko” lemari fermuki atxikitzen diote.

Abertzale lehorretako idazleek, egia, ez zuten gaia anitz eta zuzenki jorratu. Anti-euskaldun izaera leporatuko zitzaiela herabe zitezkeen, espainolismo aitzakian, Aresti baztertua suertatu zen eran

Ramon Saizarbitoriak seinalatzen digu bidea Martutene (2012) eredugarriarekin. Besteak beste, bonba batek erail guardia zibil baten hil-kaperara gidatzen du euskal irakurlearen soa eta zazpi ehun orrialdeetan nonbait Julia, bere semeari biolentzia horren zama herentziaz nola ez eman hausnartzen dabil. Anbiguetatez itoriko eleberriak happy end delakorik ez dauka.

Borroka armatuaren dolua ekartzekoa du euskal jendarteak, halaber irakurlegoak, abertzaleen hegietatik datorrelako nagusiki, eta gaiak bulkaturik erosten dituelako liburuak, diskoak, filmak. ETAren inguruko istorioek epikoz apaintzen zuten Euskal Herria. Hemendik goiti  normaltasuna datza egutegietan, nostalgiaz hantu malenkonia morbidoaren hazteko adina.

1936ko gerrako tragediaz izkiriatzen da hegoaldean, iragan ez arras orbanduak oraina justifikatuko bailuen. Herrian gerra kontagarri gehiago ere ba dago, lurraldetasuna altxor: hor dira Garbiñe Ubedaren Hobe isilik (2013), Bigarren Mundu Gerran kokatua, eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak (2014), frantses euskaldunon Hamalauko Gerla berpizten duela Eskualduna astekariaren unerik distiratsuenetan legez.

Emakumeen intimismoaren literaturak erakusten zuen Aitaren Etxeko lo gela zelako triskantza-lekua zen mende erdiko gatazkaren erruz. Nor arduratuko da memoria likitsaren ikertzeaz? Loreak filmaren bukaeran inork ez du hauts ontziaz axolatu nahi. Funtsean errealitatean bezain fikzioan ez dakigu nondik nora doazen gure xendrak, zertarako hil den alde bateko zein besteko hainbeste hiritar, nolakoa den atentaturik gabeko gure hitzen musika, hor baitugu beti zelatan ETAren behako ziklopearra.

Oinarrizkoetara itzuli gara, txikitasunera, baliorik ez duten gauza xeheak izkiriatzera, erakundearen interesak ez oztopatzen saiatuz. Koldo Izagirreren Lorea Gernika andrazko bat (2014) eta Bea Salaberriren Baionak ez daki lan interesgarriak ekarriko nituzke. Carmen Gisasolak aldiz bere Gaur zortzi (2012) elkar bizitza irekiagorako urrats bat bezala aurkeztu zuen.

Labur errateko, borroka armatuaren igitaiak betidanik hertsatu du euskarazko literatura. Erakundearekiko errespetuz azpatu larderia indarrean dago eta itsumen ideologikoz, eragindako hondamendia onartzeko beldur gara. Armen isiltzearen ondorioak nabari dira jada jendartean, bai eta idatzietan. Karanbola Toxikoak (2015) liburuan Andoni Urzelairen pertsonaiek erakunde armatuaren topikoez burla egiten dute.

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude