Frantziako Yvelines departamenduko Trappes hirian gertatu da hilketa, eta beste bost pertsona ere zaurituak izan dira. Kevin T. Hiltzaileak aitortu du, eta mugimendu faxistako sinpatizantea da. Zenbait komunikabidek salatu dute azken urteetan masa-hedabideek Trappes hiriarekiko zabaldutako estigmatizazioa. Baionan 18:00tan eginen da elkarretaratzea astelehen honetan.
Pistola-metrailadore bat eskuan, etxetik atera eta jendeari tiroka hasi da hiltzailea, joan den ostiral goizean. Pengo Bossio Wangi izeneko gizonaren heriotza, eta beste bost pertsonaren zauritze larria eragin ditu, hamabi urteko neska batena tartean. Biktima guztiak beltzak ala arabiarrak direla nabarmendu du Mediapart hedabideak. Poliziak akusatuaren etxea miatu, eta eskuin muturrari loturiko hainbat objektu aurkitu ditu, Hitleren Mein Kampf-en ale bat edo Rassemblement Nationaleko hainbat orri, besteak beste. Hiltzailearen hitzetan, urriaren 17ko manifestarien desmasiak zigortu nahi izan ditu, "beltzak eta arabiarrak" erasotuz.
Izan ere, testuinguru jakin batean gertatu da atentatua, Frantziako Estatuko mugimendu sozialaren protesten denboran. Urriaren 17ko manifestaldiaren ondoren, sortutako istiluak ezker-muturrari eta jende arrazializatuari egotzi zizkieten nagusiki masa hedabideek. Eskuin muturreko gorroto-diskurtsoa nasaiki zabaldu da sareetan, eta iduri luke Trappes-ko atentatu arrazistaren jatorria ere hori dela. Mediapart hedabideak akusatu nagusiaren hainbat lagun elkarrizketatu ditu, eta bere izaera arrazista agerian utzi dute denek ere: "Beretzat dena beltzen edo arabiarren errua zen", edo "Kevinek gehiegi entzuten ditu informazio kateak. Dena immigrazioarekin lotzen du, Zemmour, Le Pen edo Praudek bezala".
Azken berrien arabera, akusatuaren entzunaldia bertan behera gelditu da, arrazoi "psikiatrikoak" medio. Gizarte zibila ordezkatzen duen Yacine Bouzrou abokatuarekin bildu da Blast komunikabidea, eta honek prozeduraren ibilmoldea salatu du: "Atentatua eskuin muturretik datorrelarik, arrazoi psikatrikoa ateratzen da berehala, egilea bai ala bai 'desorekatua' da". Arrazoi psikatrikoak gibelean diren ideologien ezkutatzeko tresnak direla gehitu du abokatuak.
Trappes hiriaren estigmatizazioa salatu dute hainbat hedabide eta eragilek, Street Press-ek adibide. Frantziako hedabide horrek, azken hamar urteetan hiriaren inguruan erran diren hainbat ateraldi eta klixe plazaratu ditu.
Ivan Rioufol kronikariak adibidez, 2020an Cnews-en platoan, hiriaren eta islamaren arteko loturen azaltzea galdetu zion auzapezari. Kronikari berak "Trappes Trappistan bilakatu" zela erran zuen urte bat berantago. 2024an RMCko "Les Grandes Gueules" emankizunean Trappes eta Kaboul (Afganistango hiriburua) konparatu zituzten kazetariek. Politikarien aldetik ere zinezko herra agertu da, RN-ko boz eramaile Laurent Jacobellik adibidez, "komunitarismoaren eta islamizazioaren biktima" gisa aurkezten zuen hiria 2021ean, eta Zemmour-ek "lege islamikoak arautzen duen hiri musulman" gisa, zeina ez den "gehiago Frantzia". RN alderdiko lehendakari Bardellak bere aldetik, Trappes "jihadaren Europako hiriburua" dela adierazi zuen 2022an.
Hainbat eragilek "hilketa arrazista, negrofoboa eta islamofoboa" salatzeko elkarretaratzera deitu dute astelehen honetan, 18:00tan Baionako Errepublika plazan (Santa Izpiritu auzoa).
