Hego Euskal Herriko industriaren sektoreak duen bilakaerari buruzko bere analisia plazaratu du LAB sindikatuak asteazken honetan. Industria berrindartzeko aukera estrategiko gisa armagintza sustatzeko erabakia gogorki kritikatu dute agerraldian, eta diru laguntza publikoak industriaren eraldaketa ekosozialerako baliatzera deitu dute.
Hego Euskal Herriko industriaren sektorean nabarmen jaitsi da enplegua azken urteetan, eta enpresen kopurua ere apalduz doa –duela hamabost urte baino 2.508 gutxiago–. Metalurgiaren gainbehera da agerikoenetakoa: burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioan 164 enpresa gutxiago daude 2011tik hona, eta 4.577 langile gutxiago ari dira lanean.
Oro har, orain arte pisu handia izan duten azpisektoreak indarra galtzen ari dira, eta beste batzuk dabiltza indartzen: elikagaien industria –2011tik 4.707 langile gehiago–, farmazia produktuen fabrikazioa –2011tik 1.750 langile gehiago– eta ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atorien fabrikazioa –2.191 langile gehiago, enpresak 60 gutxiago izan arren–. Hala ere, sorturiko enplegu berri horiei begiratuz gero, enpleguaren kalitatea ahulagoa dela ohartarazi du sindikatuak.
Enpleguaren galera eta lan baldintzen okertzea lotuta daudela azaldu du LABeko ekonomialari Gorka Vidalek: "Enplegu prekarioa gero eta gehiago ari da ordezkatzen enplegu egonkorra. (...) Industriak ez baditu etorkizunerako lan baldintza duinak eta egonkorrak eskaintzen, gero eta gazte profesional kualifikatu gehiagok beste sektore edo herrialde batzuetara joko dute, eta, horrela, industriak bere etorkizunerako funtsezkoa duen giza kapitala galtzeko arriskua areagotzen da".
Industria berrindartzeko aukera estrategiko gisa armagintza sustatzeko erabakia ere gogorki kritikatu du LABek: "Ezin da negoziorik egin genozidioarekin; ezin da negoziorik egin gerrekin". Gainera, laguntza publikoak horretara bideratuta, euren jarduna industria zibilera bideratu duten enpresak industria militarreranzko trantsizioa egiten ari direla ere deitoratu du sindikatuak.
Funts publiko horiek "industriaren eraldaketa ekosozialerako" baliatzearen alde egiten du sindikatuak: "Enplegu duina, kontrol publikoa eta etorkizun sozial eta ekologikoa bermatuko dituen industria behar da". Proposamen hori landurik dutela, lau baldintza lehenesten ditu sindikatuak: industria sektore nagusien trantsizio ekologikoa modu planifikatuan eta bidezkoan egitea, langileen parte hartzearekin, enplegua babesteko eta isuriak murrizteko helburuarekin; laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek baldintza zorrotzak betetzea –"ezin dute kaleratzerik egin, enpresak deslokalizatu edo dibidendu handiak banatu diru publikoa jasotzen duten bitartean"–; langileek parte hartzeko mekanismoak lortzea –"deskarbonizazio planak, inbertsioak eta industria estrategiak ezin dira soilik zuzendaritzen esku egon"–; eta, azkenik, berrindustrializazioaz hitz egitea –lanaren banaketaz, lanaldi murrizketaz, enpresen errotzeaz, prestakuntzaz eta lanbide heziketa berritzeaz–.