Epaileak ustezko torturatzaileak hiltzat jo dituen arren, auziak aurrera jarraitu du eta borondatezko jurisdikzioa erabilita egingo dute epaiketa urriaren 6an. Letamendi 1950ean hil zen, agente frankistek torturatua izan ondoren.
Txomin Letamendi gudari eta militante jeltzale izandakoaren heriotza judizialki argitzeko epaiketa urriaren 8an egingo da Donostiako epaitegian. Instrukzio epaileak hiltzat jo ditu bera torturatu zuten polizia frankistak, baina, hala ere, auzibideak aurrera egin du, Espainiako Oroimen Demokratikoko Legeak baimentzen dion borondatezko jurisdikzioaren bidea erabilita.
Letamendiren kasua azkenaldian egin da ezagun –baita literaturan zein pantaila handian ere–, urte luzez ilunpean izan ondoren. 1950ean hil zen, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzako agente sekretu gisa zuen jardunaren eta militantzia antifrankistaren ondorioz poliziek birritan atxilotu, torturatu eta espetxetik ateratakoan 35 kilo besterik ez zituela utzi ondoren.
Bere kasuak aitortza instituzionalik ez du izan orain gutxi arte; iaz Jaurlaritzak biktima izaera aitortu zion eta, heriotzaren 75. urteurrena kari, Ondarroako Udalak ekitaldi bat antolatu zuen bere omenez, Bizkaiko herri horretakoa baitzen.
2024an Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak (GEBehatokia) kereila jarri zuen Letamendiren kasua ikertu zedin. Espainiako Justiziak auzia artxibatu zuen, bera torturatu zuten Fernando Escudero eta José Nogues poliziak hilda zeudela esanez; baina hasiera batean tramiterako onartu zuen kereila, eta hori aurrekari garrantzitsua izan zen.
GEBehatokiak zirrikitu hori balitu du borondatezko jurisdikzioaren bidez auziak aurrera jarraitu eta epaiketa egin ahal izateko. Bere esanetan, justizia egitea lortzeko nahikoa izan ez arren, legeak ahalbidetzen dion bide horrekin, behintzat "ziurtagiri judiziala" lortu nahi dute, alegia, egia judiziala: Letamendi jasandako tortura basatien ondorioz hil zutela.
Beste kasu batzuk argitzeko "arrakala"
GEBehatokiaren ustez kasu honek ate edo "arrakala" bat ireki dezake Espainiako 1977ko Amnistiaren Legeak ezarritako harresian: delitugileak hilda dauden arren auziak aurrera egin badu, hilik ez daudenen kasuetan ere ez litzateke eragozpenik izan behar ikertuak eta epaituak izateko.
Baina ez da erraza izango, jarritako 155 kereiletatik, oraingoz zazpi soilik onartu baititu tramiterako espainiar justiziak. Onartutakoen artean dago 1975ean polizia frankistek Madrilen tirokatutako Josu Mujika Aiestaran ETAko militante legazpiarraren (Gipuzkoa) kasua, bertsio ofizialaren arabera "bere buruaz beste" egin zuena.