Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak ezinbertzekotzat jo dute Espainiako Estatuak eragindako “giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea”.
Espainiako Estatuko segurtasun indarrek torturatutako bertze zazpi biktimek jaso dute Nafarroako Gobernuaren aitortza, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen sareak jakinarazi dutenez. Nafarroako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak, 16/2019 Foru Legearen babesean, “giza eskubideen urraketen biktima” direla ebatzi du.
Onartutako zazpi tortura kasuak 1973tik 2003ra bitartekoak dira. Hiru frankismoaren hondar urtekoak eta trantsizio garaikoak dira: Gerardo Mungia Gómez Espainiako Polizia Armatuak torturatu zuen 1973an; Simeón Peralta Arrondo Brigada Politiko Sozial frankistak torturatu zuen 1975ean; eta Xabier Sarda Saldias birritan torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1979an eta 1981ean.
Gainerako biktimak, berriz, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan torturatu zituen Espainiako Poliziak: Vicente Gil Gumbao 1990n; Iñigo Jurado Torvisco eta Aitor Gartzaron Gil 1996an; eta Iñaki Z 1998an, 2002an eta 2003an.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatutako Egiaren Garaia Da dinamikak “positiboki” baloratu du aitortza: “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko”.
Hala ere, argi utzi nahi izan dute funtsezkoa dela norabide horretan lanean segitzea: “Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa da, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu”.
Talde horien zenbaketaren arabera, ebazpen honekin guztira estatuaren 144 biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak 16/2019 Foru Legea martxan paratu zenetik, eta horietatik 105 torturatu egin zituzten.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek dei egin diete estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiei aitortza eskaerak aurkez ditzaten, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute.