Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak ziklo bat abiatu dute, Nafarroako Mendialdean izandako tortura kasuak argitara ateratzeko eta aitortzeko. 50 urte bete dira Anparo Arangoa leitzarrari ospitalean egindako argazkiak torturaren aurkako sinbolo bilakatu zirela.
Torturen lehen frogak izan ziren Anparo Arangoa ORTko militante leitzarrari Javier Yabenek eta Patxi Zabaletak 1976ko apirilaren 21ean egindako argazkiak. Arangoa aurreko egunetan atxilotu eta torturatu zuten Tolosako Guardia Zibilaren komandantzian, Jesús Muñecas kapitainaren agindupean, eta bere gorputz ubelduari argazkiak ateratzeko baimena eman zuen ospitalean; Zeruko Argia-k zabaldu zituen irudiak, zentsurari eta debekuari aurre eginda, eta torturaren aurkako sinbolo bilakatu ziren.
50 urte geroago, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak urteurren hori baliatu nahi dute torturaren biktima izan diren Nafarroako Mendialdeko herritarren kasuak argitara ateratzeko eta aitortzeko: "Anparo Arangoarena ez da kasu isolatua, Euskal Herrian bost mila torturatutik gora daude, eta Mendialdean azken hamarkadetan gertatutako 50 tortura kasu baino gehiago ditugu identifikatuta", azaldu dute.
Astearte honetan Leitzan egin duten agerraldian, Jon Arangoa Anparo Arangoaren ilobak eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak hartu dute parte.
Gogorarazi dute eskualdean berriki bi herritarrek jaso dutela Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala –Jose Maria Alemanek eta Anparo Arangoak–, baina urrats gehiago eman behar direla uste dute: "Onartu behar da Espainian sistematikoki torturatu zela". Hala, Nafarroako Gobernuari eskatu diote aitortu dezala Frankismo eta Trantsizio garaietatik harago ere "ehunka herritar torturatu zituztela".
Azaldu dutenez, "memoria demokratikoaren eraikuntzan", beharrezkoa da torturen "errealitatea gizarteratzea" eta estatuko aparatuek eta polizia-indarrek egindako giza eskubideen urraketak azaleratzea: "Torturak nortzuk, zergatik eta zeinen agindupean egin zituzten jakin arte, justiziarik ez da izanen", esan du Arangoak.
Urrats gehiago eman behar direla uste dute: "Onartu behar da Espainian sistematikoki torturatu zela". Hala, Nafarroako Gobernuri eskatu diote aitortu dezala Frankismo eta Trantsizio garaietatik harago ere "ehunka herritar torturatu zituztela"
Dokumentala, hitzaldia eta aitortza ekitaldia
Egiari Zorrek eta Nafarroako Torturatuen Sareak elkarlanean hurrengo asteetarako antolatu duten ekimen ziklo baten berri eman dute agerraldian, gaia "ikuspegi ezberdinetatik lantzeko".
Oraingoz hiru hitzordu dituzte finkatuta: maiatzaren 15ean Larraungo Gabari Gune Irekian Arg(h)itzen dokumentala proiektatuko dute 19:00etan; maiatzaren 22an, Leitzako udaletxean Tortura:begirada historiko eta judiziala izeneko solasaldia izango da, Amaia Izko abokatuaren eta Iñaki Egaña historialariaren eskutik; eta maiatzaren 31n, 12:00etan Leitzako Herri Aretoan eskualdeko torturen biktimei aitortza ekitaldi berezia egingo diete Leitzako Herri Aretoan, Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan lelopean.
Herritarrei dei egin diete zikloan parte hartzera, eta Anparo Arangoak idatzi eta Fermin Balentziak ahotsa jarri zion abestia gogorarazi dute horretarako: "Askatasuna oihukatuz, mintza gaitezen tortura sufritu zutenen alde, beraien giza eskubideen alde".
