Espainiako Estatuak ez ditu tortura salaketak egoki ikertu. Giza Eskubideen Europako Epaitegiak epai hori eman zien zazpi pertsonak auzitara joko dute berriro, “egia osoa” eskuratzeko helburuarekin. Erantzunik jaso ezean, Nazio Batuen Erakundera jotzeko prest daudela adierazi du Agus Hernan GEBehatokiko ordezkariak Euskadi Irratian.
Astelehenean elkarrizketatu dituzte Euskadi Irratian Martxelo Otamendi Euskalduna Egunkariako eta Berriako zuzendari ohia eta Agus Hernan. Berriak jaso duenez, bertan adierazi dute, “egia osoaren” eta erreparazioaren izenean, torturak jasandako zazpi kideek oraindik eskuratu ez duten “egia judiziala” bilatuko dutela. Horretarako, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren laguntzarekin ekinbidea abiarazi eta Espainiako epaitegietara joko dute.
Historikoki, Espainiako justizia sistemak ez ditu tortura kasuak ikertu eta ez die dagokien erantzuna eman. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2004tik 2022ra bitarte hamar aldiz zigortu du Espainiar Estatua Euskal Herrian izan diren tortura kasuen salaketen aurrean. Hernanek adierazi duenez, berriro ere erantzunik jaso ezean, Nazio Batuen Erakundera jotzeko prest daude. Nahiz eta bide “luzea” izan daitekeen eta biktimak berriro biktimizatzeko arriskua egon, “sendatze prozesu bat” izango dela sinesten du, bai zazpi kideentzat, bai torturak pairatutako guztientzat ere.
Otamendik “egia judizialaren” garrantzia azpimarratu du. Hain zuzen ere, azken urteetan lortutako aurrerapausoei esker “egia soziala eta instituzionala” lortzeko bidea ireki dela uste du. Hala ere, bide “zailena” falta dela adierazi du: “egiaren zirkulua ixtea”. Horretarako, torturak ikertzearen beharra nabarmendu du Egunkaria auzian beste kide batzuekin batera atxilotu eta torturatu zuten kideak.
Asteartean Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna denez, Iruñeko Tres Reyes hotelean elkartuko dira Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren II. Topaketak egiteko. Bertan Martxelo Otamendi, Amaia Izko abokatua eta Josep Casadevall Europako Giza eskubideen epaitegiko presidenteordeak hartuko dute hitza, Estrasburgoko auzitegiak tortura kasuetan aurrean duen jarreraren inguruan.