argia.eus
INPRIMATU
Tortura ikertzeko batzorde independentea eskatu dute Nafarroako Legebiltzarrean
  • Nafarroako Torturatuen Sarea Nafarroako Legebiltzarrean egon da ostiral goiz honetan, Jorge Chocarro eta Ainara Gorostiaga elkartekideen eskutik. Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean hartu dituzte.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 20a
Chocarro eta Gorostiaga foru legebiltzarraren aurrean. (Arg.: Ahotsa.info)

Jorge Chocarro 1996an eta 2002an atxilotu eta torturatu zuten, lehenengoan Espainiako Poliziak eta bigarrenean Guardia Zibilak. Ainara Gorostiaga Guardia Zibilak torturatu zuen 2002an. Elkarteak zabaldu duenez, parlamentariei azaldu diete nola sortu duten Nafarroako Torturatuen Sarea, eta elkartearen helburua Nafarroan behingoz torturaren inguruan argia egitea dela eta zigorgabetasunarekin amaitzea.

Behingoz, egia, justizia eta ez errepikapena nahi dute Nafarroako torturatuek eta, bide horretan, herrialdeko torturatuen errolda egiten ari dira. Horrez gain, Nafarroan tortura ikertuko duen batzorde independentearen eraketa eskatzen dute. Orain arte bildutako datuen arabera, kalkulatzen dute 60. hamarkadatik Nafarroan 1.000 bat pertsona torturatuak izan direla.

Aipatu dute, halaber, torturaren ondorioz bi nafar hil direla: Antonio Goñi Igoa, 1970ean Espainiako Poliziak hamazortzi egunez torturatu ondoren bere buruaz beste egin zuena, eta Mikel Zabalza, 1985ean Guardia Zibilak hil arte torturatu zuena. Gogora ekarri dute Eurokako Giza Eskubideen Auzitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik Espainiako Estatuaren aurka emandako epaia, eta auzitegi berak Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegui eta Iñigo Gonzalezen tortura salaketak ez ikertzeagatik egindako ebazpenak. Azalpen hauekin batera, Gorostiagak Guardia Zibilaren eskuetan jasan zituen torturak deskribatu ditu.

Torturatuen Sareak eskerrak eman dizkie talde parlamentarioei "agerraldian erakutsitako errespetuagatik eta enpatiagatik", eta uste du "horrek lagundu egiten duela Nafarroan torturatutako pertsonak aitortzeko eta erreparatzeko bidean oinarri sendo bat eraikitzeko eta adostasunak zabaltzeko". Elkarteak gogoratu du ekainaren 25ean, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren bezperan, manifestazioa deitu dutela Iruñean, eta 18.30etan abiatuko dela Baluarte plazatik.

Hondoko bideoan ikus daiteke Ahotsa.info-k legebiltzarrera sartu aurretik Chocarrok eta Gorostiagak egindako adierazpenak: