argia.eus
INPRIMATU
Tolosaldeko osasun langileek kudeaketa publikoko ospitalea eskatu dute
  • 83 mediku, erizain, fisioterapeuta nahiz administrazio langilek kezka azaldu dute Asunción klinika pribatuak (Osasun sailarekin duen hitzarmenaren bidez) ematen duen zerbitzuaz.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2015eko urriaren 30a
Osasun langileak urriaren 29an eginiko agerraldian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Tolosako espezialitateen anbulatorioan egin dute agerraldia, eta estreinakoz hitza hartu dute osasun langileek. Hasteko, Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresak Osasun sailarekin duen hitzarmena izan dute hizpide: 2016an amaituko dela eta, lau urteotako osasun-zerbitzua aztertu eta aurrera begirako eredua zehazteko garaia dela uste dute.

Horren harira, beraz, "kezka" azaldu dute egungo zerbitzuaren inguruan, hainbat arrazoi zerrendatuz. Batetik, Tolosaldeko osasun langileen ratioa beste hainbat eskualdetakoa baino "askoz ere baxuagoa" dela nabarmendu dute eta, era berean, lan-baldintzez ere aritu dira: "Osasun zentro publikoetakoak baino askoz ere okerragoak dira gure baldintzak".

Osasun eskualdeko espezialitateen "urria" ere gaitzetsi dute osasun langileek, agerraldian. Guardietan espezialitate medikurik ez dela egoten diote, eta traumatologo nahiz kirurgilaririk ez dela sekula izaten, aurrez aurreko kontsultetan. Bide beretik, "Tolosaldeko osasun zerbitzuak ez du oftalmologia, otorrinolaringologia eta urologia medikurik eskaintzen, ez aurrez aurre, ez jardunean ere".

Espezialitateei dagokienez, gainera, beste salaketa zenbait ere egin dituzte, agerraldia baliatuz: mediku espezialista batzuk lanaldi erdian aritzen direla gaitzetsi dute; halaber, espezialista izan gabe, espezialista lanetan aritzen diren profesionalak daudela diote; eta, gainera, erretiroa hartutako medikuak ere lanean aritu izan direla, zenbait postutan.

Azkenik, Tolosaldeko osasun zerbitzuaren azpiegiturak "isolatuta" daudela diote, osasun-eskualdean bi sistema informatiko propio dituelako: "Asuncion klinikan egitekoak ziren obrak ez dira egin, gainera, eta ospitale horrek ez du beharrezko material eta espaziorik".

Andoain, Legorreta eta Tolosaldeko 28 udalerriak artatzen ditu Tolosaldeko osasun zerbitzuak eta, "oraingoz", 83 profesionalek egin dute bat, azken aldarrikapenarekin: "Ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen ospitale batek ezin du kudeaketa publikoko ospitale publiko batek eskain dezakeen zerbitzu bera bermatu. Horregatik, Tolosaldeko herritarrek EAEko gainerako herritarren zerbitzu bera jaso dezaten, bi eskari egin nahi ditugu: Asuncion klinika publiko egitea eta beharrezko azpiegiturak dituen espezialitateen anbulatorioa osatzea".

Azaroaren 7an, agenda martxan

2016ko azarorako urtebete faltan, TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma) lanean jarri da jada, aurrera begirako pausoa emateko. Horrela, langileen agerraldia baliatu dute datorren azaroaren 7ko mobilizazioaren berri emateko. Eskualdeko gizarte eragileei eta, oro har, herritarrei dei egin diete aldarrikapenarekin bat egin eta hurrengo larunbatean 12:00etan Tolosako Trianguloa plazara bertaratzera.