Tokiko eta kalitatezko produktuen epizeria parte-hartzailea Baigorrin

  • Duela urte eta erdi pasatxo hasi zen Baigorriko (Nafarroa Beherea) pertsona talde bat bertako produktuen denda fisiko bat martxan jartzeko ideia lantzen. Herriko AMAPean –laborari eta kontsumitzaileak zuzeneko harremanetan jartzen dituzten kontsumo taldeak dira, Frantziako Estatuan zabalduta daudenak– antolatuta zeuden zenbait kiderengandik sortu zen egitasmoa. "AMAPean ez diren produktuak eta hemen inguruan ekoizten ez direnak eskaintzea zen hastapeneko helburua: lekaleak, zerealak, olioak eta horrelakoak", azaldu du Lise Sage-Segard ekimeneko kideak. Urrian zabaldu ditu ateak Baigorrikoopek.


2026ko urriaren 26a - 05:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baigorrin denda irekitzeko lokal baten bila hasi ziren 2025ean, baita proiektua aurrera eramateko diru-laguntzen bila ere. "Aldi berean, laborari eta ekoizleekin harremanetan jarri ginen, baita Nafarroako zenbait kooperatibarekin eta Ekoalderekin ere", azaldu du kideak. Ekimenaren bultzatzaileek oso argi zuten ez ziotela inolako "lehiarik" egin nahi AMAPi, izan ere, laborariei segurtasuna eta diru-sarrera finkoa eskaintzen die talde horrek. "AMAP babestu nahi izan dugu, eta horregatik ez ditugu ber produktuak proposatuko dendan".

Behin lokala lortuta eta beharrezko obrak eta berrikuntzak eginda, urrian egin zuten Baigorrikoopen irekiera ekitaldia. Momentuz, laguntzaileen borondatezko lanarekin funtzionatzen du, alegia, ez dute soldatapeko langilerik dendan. "Talde ttipietan antolatzen gara: diruzaintzaz arduratzen dira batzuk, antolakuntza orokorraz besteak, komunikazioaz besteak...". Prozesu osoa parte-hartzailea izan dela gaineratu du, ideia sortzetik beretik obraraino, dena eraman baitute aurrera pertsona askoren borondatezko lanari esker. "Epizeria parte-hartzailea da Baigorrikoop, bakoitzak bere maneran egiten du ekarpena". Astean bitan irekitzen dute denda: ostegunetan 17:30etik 19:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara.

60 bazkidetara iristeko helburua

Produktu ekologikoak eta etxe ekoizleenak, Idoki sormarkakoak, eskaintzen dituzte dendan, baita oinarrizko jasangarritasun irizpideekin lan egiten duten etxaldeenak ere. "Etxaldeei galdetegi modukoa pasatzen diegu eta galdetzen diegu nola ekoizten duten, ze etxalde mota den, ze produktu erabiltzen dituzten... lurrarekin errespetuan ekoizten dela eta gure kalitatezko oinarriekin bat egiten dutela bermatzeko egiten dugu hori", azaldu du. Momentuz, 35 bazkide dira Baigorrikoopen, eta 25 ekoizlek hartzen dute parte. Hastapenak izanik pozik daude egitasmoak izan duen erantzunarekin, baina 60 bazkide inguru izatera iritsi nahi dutela azaldu du Sage-Segardek.

Aurrera begira, gainera, dendako eskaintzaz gain Baigorrikoopeko gunea herritarren topaleku eta jakintzak partekatzeko tokia izatea nahi dute. "Oraindik finkatu gabe dugu alderdi hori, baina proposatu nahi ditugu kozinatzeko tailerrak, kontserbak eta hartzituak egitekoak, lehengo errezetak ikastekoak... eta, horrekin batera, partekatzeko tresna eta material batzuk jartzea ere bada asmoa, eraldaketak eta horrelakoak egiteko", gaineratu du. 


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko irailaren 14
Bionekazaritza
Iraila, agroekologiaz bustia!

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.