argia.eus
INPRIMATU
The Sparteens, Mikel Urdangarin eta Berri Txarraken argitalpen berriak
  • The Sparteens taldeak hiru abestiko maxi-singlea, Mikel Urdangarinek zuzeneko diskoa eta Berri Txarrakek beren seigarren diskoa argitaratu dute.

2011ko azaroaren 18a
The Sparteens.

The Sparteens talde umoretsuak hiru abestiko maxi-single berria kaleratu du. Orain arte bezala, Hendaia, Baiona eta Angeluko kideak dituen taldeak rock abesti ezagunak 60ko hamarkadako estilora moldatu ditu. Argitalpen berri honetarako Negu Gorriaken Bi doberman beltz, Gontzal Mendibilen Bagare eta Eustakio Mendizabalen Eustakioren bertso batzuk izan dira aukeratutako kantak. Horrez gain, gehigarri moduan Bi doberman beltz eta Eustakioren bertso batzuk-entzat egindako bideoklipak sartu dituzte diskoan. Lan berria bihar aurkeztuko dute Andoaingo gaztetxean. Irakurri 2009an Argiak taldeari eginiko elkarrizketa.

Bestalde, Mikel Urdangarin kantari zornotzarrak bere ibilbideko zuzeneko lehen diskoa aurkeztu du. Bertan, iazko abenduaren 30ean Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertua biltzen da. Bi ordu eta erditan, azken 15 urtetako 28 kanta errepasatzen ditu Urdangarinek bere taldearekin batera. Birako lehen kontzertua gaur izango da Balmasedako (Bizkaia) Klaret Antzokian.

Horrez gain, Berri Txarrak nafarren disko berria, Haria, datorren astelehenean egongo da salgai. Argiaren hurrengo zenbakian taldeari eginiko elkarrizketa argitaratuko da. Ikusi jarraian solasaldiaren bideo grabaketa: