Duela urte batzuk Senegalera joateko aukera izan nuen bertako lagun batzuekin. Euskal Herrian egoera irregularrean urte luzez bizitzen egon ondoren, etxera bueltako lehen bidaian beraiekin joateko oparia izan nuen. Bertako wolof hizkuntzan badago hitz bat, teranga, abegikortasuna eta babesa adierazten dituena, besteari baldintzarik gabe ateak zabaltzeko gaitasuna, harrera. Senegal teranga herria da. Hori da, hain zuzen, han bizi nuena eta hemen horren falta nabaritzen dudana. Harrera Herria izan nahi dugu, baina oztopoz betetzen diegu bidea etorri berriei: errolda zailtasunak, lan-baimen burokratikoak, etengabeko ziurgabetasun administratiboa, jazarpena, arrazakeria…
Faxismoak eta bere bulo-makinariak, behin eta berriz errepikatzen digu etorkinak "mehatxua" direla, "lana kentzen" digutela, "abusatzen" dutela gure sistema sozialaz. Gezurra da. Datuak hor daude, eta argi mintzo dira. EAEn 2025 amaierako Lanbideko datuak: 104.372 lagun atzerritar Gizarte Segurantzan afiliatuak (+%6,89 urtebetean). Horietatik 16.705 autonomo gisa lanean. Lan-merkatuaren zutabe dira ostalaritzan (%18,18), etxeko langintzan (%11,73), merkataritzan (%11,61) eta industrian (%11,26). Eraikuntzan, landa eremuetan, langile atzerritarrek belaunaldi-erreleboa ematen dute, bertan jaiotakoek ez dugu lan gogorretan enplegurik nahi, administrazio publikoan lan egin nahi dugu.
Gaur egungo burokratizazioak eta aurreiritziek etorritako horien bizitza osoa jartzen dute etengabeko ezbaian. Baina guk, harrera herri gisa, begirada hori irauli behar dugu
Baina haien ekarpena ez da datu ekonomiko hutsetan neurtzen. Auzoetako dendak, jatetxeak, fruta dendak... gure herrien plazei bizia ematen diotenak askotan etorkin autonomoak dira; baina, horrez gain, mundua ikusteko beste modu bat dakarte, eta horrek kulturaz, hizkuntzaz eta harremanez aberasten gaitu. Ezin gara jasotzaile pasibo soilak izan; auzokidetza horretan elkarrengandik ikasi behar dugu, elkartasuna sustatu, gure komunitateak sendoago eta bizigarriago egiten dira batak besteari erakutsiz, elkar ikasiz.
Eta horrela ez balitz ere, eskubide guztien jabe izateko eskubidea dute, bertan jaiotako edozeinenak bezain duinak direlako.
Frantz Fanonek ohartarazi zuen: kolonizatutako gizakia, sistema kolonialaren begietan, sekula ez dela osoki gizaki bihurtzen, beti zalantzan jartzen baitute haren burujabetza. Gaur egungo burokratizazioak eta aurreiritziek etorritako horien bizitza osoa jartzen dute etengabeko ezbaian. Baina guk, harrera herri gisa, begirada hori irauli behar dugu.
Erroldatzeko eskubidea unibertsala balitz, eta lan eta bizileku baimena automatikoa balitz, burokraziak ez baligu oztoporik jarriko elkar ezagutzeko eta elkarrekin bizitzeko, eskola eta formakuntza antirrazistak bagenitu, etxetik hasitako hezkuntza abegikorra bagenu… Egoera administratiboaren normalizazioa ez da mesede bat; aukera bat da. Aukera bat gure gizartea benetan irekitzeko, ukatutako herri bat, hizkuntza gutxitu bat, baina munduari begira, gurea defendituz, denona indartuz. Terangatik ikasiz, ez da hitz hutsa, elkarrengandik ikastea eguneroko egin behar dugu.
Izan gaitezen Harrera Herria, ekintzez. Elkarrekin aberastea ez da amets utopikoa; biziraupenerako erabaki politikoa da. Europatik haize xenofoboak jotzen duen honetan, Kantauriko herri honetan harrera eta elkartasunaren aldeko apustua egiteko garaia da.
Julen Orbea Bereikua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.