Tentsioa apaldu dute Petro eta Trumpek, eta Washingtonen bilduko direla iragarri dute

  • Lasaitasuna helarazi dute bi mandatariek telefonoz hitz egin ostean. Venezuelako operazio militarraren ostean tentsioak gora egin zuen Kolonbia eta AEBen artean, Trumpen mehatxuak medio. Orain, baina, bide diplomatikoak jorratuko dituztela iragarri dute.

Petro, asteazkeneko agerraldian, arrosa txuri bat eskuetan duela @petrogustavo

2026ko urtarrilaren 9an - 09:56
Azken eguneraketa: 11:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

AEBek Nicolas Maduro bahitu zutenetik, Petro eta Trumpen arteko tentsioak gora egin zuen, presidente estatubatuarraren mehatxuak medio. Trumpek adierazi zuen Venezuela bezala, Kolonbia "kokaina egitea eta Estatu Batuei saltzea gustatzen zaion gizon gizajo batek" gobernatzen duela, eta hori ezin izango duela "luzaroan" egin. Gainera, Venezuelan egin berri duten operazio militar antzekoa egitea iradoki zuen presidente estatubatuarrak. Asteazkenean, baina, bi mandatariek telefonoz hitz egin ostean, lasaitasun hitzak helarazi dituzte. Are, Etxe Zurian aurrez aurreko bilera egitea aurreikusi dute, baita Venezuelarekin batera hiruen arteko elkarrizketak martxan jartzea ere. 

Asteazken arratsaldean Kolonbiako Gobernuak deituta, "burujabetzaren defentsan" lelopean, herrialdeko hiri nagusietan manifestazioak egin zituzten. Petro, ordea, ez zen hiriburuko mobilizazioan ageri, eta amaierako agerraldira berandu ailegatu zen, Trumpekin telefonoz ari baitzen. Bogotako Bolivar Plaza lepo zuela hitza hartzean, aitortu du "diskurtso gogorra" zuela prestatuta, berak "gerra ezagutzen" duelako, baina deia izan ostean, azken momentuko diskurtso diplomatikoago eta apalagoa inprobisatu du Kolonbiako presidenteak.

Tonu lagunkoian egin dizkio adierazpenak Petrok "herri kolonbiarrari": "Gaur lehen aldiz hitz egin dugu telefonoz presidente denetik. Jakina, nire kezka nuen. Elkarrizketan bi gai jorratu ditut ez luzatzearren: Venezuela eta narkotrafikoaren gaia. Gainera, eskatu diot kantzelaritza eta presidenteen arteko komunikazio zuzenak berrezartzeko. Kolonbiako historiak erakutsi digu hitz egiten ez bada, gerra dagoela". Aipatu du, halaber, narkotrafikoaren inguruko datuak eman dizkiola Trumpi, eta agerraldian egin duen moduan, alor horretan bere gobernuaren lana goraipatu du.

Era berean, Petrok adierazi du Trumpi azaldu behar izan diola bera ez dela "kokaina fabrikatzaile bat", eta gaitzetsi du AEBen eta Kolonbiaren arteko harreman gaiztoak "Miamin dauden politikari kolonbiarrek" hauspotu dituztela. "Han kontatutako gezur horiek, batzuk jendaurrean, beste batzuk ezkutuan, kokaina fabrika bat nuela sinestarazi zioten Trumpi", azaldu du. Petrok gogor kritikatu izan ditu AEBek Karibe itsasoan eta ekialdeko Ozeano Barean narkotrafikoaren aurka borrokatzearen aitzakiapean egin dituen operazioak, eta jarrera horrek Kolonbiak historikoki AEBekin zuen harremana okertu du. Horren adierazle dira irailean Trumpek Petrori AEBetako bisa kendu izana, eta, ondoren, Altxorraren Departamentuak ‘Clinton Zerrenda’ delakoan gehitu izana, Trumpek "narkotrafikoaren liderra" zela salatu ondoren.

 Tentsio harreman horiei buelta eman nahian, diplomaziaren bidea jorratu nahi duela nabarmendu zuen Petrok: "Duela bi egun ere hitz egin nuen Delcy [Rodríguez] Venezuelako egungo presidentearekin, eta Kolonbiara gonbidatu nuen. Hiruko elkarrizketa bat ezarri nahi dugu, eta ahal bada mundu osokoa, Venezuelako gizartea egonkortzeko. Trump ere Kolonbiara gonbidatu dut". Presidente estatubatuarra lagunkoi agertu da ere: "Ohore handia izan da Petro presidentearekin hitz egitea".


Irakurri gehiago: Kolonbia Nazioartea Amerika AEB
Kolonbia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 14
AEB-en erasoa Venezuelaren aurka
Trumpen bakeak guda esan nahi du

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin